Bertsolaritza
Bertsolari Txapelketa Nagusia
BECeko finalera joango diren bertsozaleentzako argibideak
EITB.EUS
Bertsozale Elkarteak Bizkaia Arena pabilioira bertaratuko diren ikus-entzuleei zuzendutako informazio erabilgarria zabaldu du.
-
2013ko Bertsolari Txapelketa Nagusiko finalaren irudi bat. Argazkia: EiTB
Igande honetan Bertsozale Elkarteko 450 lagun baino gehiago arituko dira lanean BECen, Bertsolari Txapelketa Nagusiko finalean dena ondo atera dadin.
Ildo horretan, Bertsozale Elkarteak Bizkaia Arena pabilioira bertaratuko diren ikus-entzuleei zuzendutako hainbat gomendio eta ohar zabaldu ditu. Hauek dira argibide nagusiak:
- BECeko ateak 09:00etan irekiko dituzte.
- Sarrera bakoitzak bere kodea du eta, beraz, sarrera berarekin ezingo da pertsona bat baino gehiago sartu.
- Segurtasun neurriak direla eta, aretora ezin izango dira sartu garraiorako karroak, bonbonak, sukaldeak, hozkailuak eta antzerakoak eta ezta kristalezko edukiontziak, latak eta plastikozko botila handiak ere.
- Eserlekuek ez dute zenbakirik, baina, hala ere, bata bestearen ondoan esertzea ezinbestekoa izango da, tartean eserlekurik libre utzi gabe.
- Eskaileratan eta pasabideetan esertzea debekatuta egongo da.
- Areto barruan galarazita egongo da jatea, edatea eta erretzea.
- Saioa 11:00etan hasiko da. Ahalik eta gutxien mugitzeko deia egin dute antolatzaileek, eta mugitzekotan bertsoaldia amaitutakoan egitea.
- Goizeko saioa amaitzean, Bizkaia Arena pabilioia erabat hustuko da.
- Bazkaltzeko gunea 6. pabilioia izango da. Mahaiak, aulkiak eta taberna egongo dira han.
- 15:30ean zabalduko dituzte Bizkaia Arenako ateak berriro, eta arratsaldeko saioa 16:00etan hasiko da.
- Sari-banaketa ekitaldiak 20:00ak aldera hasiko dela aurreikusi dute.
- Haurtzaindegi zerbitzua egongo da 12 urte arteko umeentzat 6. pabilioian. Aurrez izena eman dutenek soilik erabili ahal izango dute.
- Informazio gunea izango da Bizkaia Arenako sarreran edozein zalantza argitzeko.
Autobusak, trena eta metroa
- Bertsozale Elkarteak autobus zerbitzua antolatu du finalera joateko. Geltokiak eta ordutegiak elkarte horren webgunean dituzue eskuragarri.
- Gainerako bertsozaleei trena edo metroa erabiltzeko gomendioa luzatu diete antolatzaileek.