Itxi

Bertsolaritza

Txapelketaren ostekoa

Bizkaiko finalari errepasoa Arkaitz Estiballesekin, Hitzetik Hortzeran

Redacción

Finaleko bertsoaldi hautatuak, oholtzaz aparteko irudi bereziak eta txapeldunari egindako elkarrizketa aste honetan Hitzetik Hortzeran.

Joan den larunbataz geroztik Arkaitz Estiballes galdakoztarra da Bizkaiko bertsolari txapelduna. Lau mila bertsozale baino gehiagoren aurrean final ona egin zuten Estiballesek berak, Etxahun Lekuek, Miren Amurizak, Onintza Enbeitak, Beñat Ugartetxeak, Jone Uriak, Peio Ormazabalek eta Eneko Abasolo Abarkasek. Egun hartako bertsoaldi onenak eta une hunkigarrienak ekarriko ditu pantailara, asteon, Hitzetik Hortzerak.

Floren Tabernan, kaña bat edanaz, Estiballesekin

Programa berezia denez Jon Artano aurkezleak Bilbon elkarrizketatu du Arkaitz Estiballes. Arenalean, Balendin Enbeitaren estatuaren ondoan jarri zuen hitzordua Estiballesek. Hain zuzen Balendin Enbeita ‘Bizkaiko aitari’ Jon Mugartegik kantatutako bertsoa erakutsiko dute programa honetako Zuri-beltzekoan. Estatuaren oinetan hasi eta berriketaldi patxadatsua eskaini dio programari Arkaitz Estiballesek Zazpi Kaleetan barrena. Floren tabernan amaitu dute hizketaldia garagardo kaña eskuan. Atxuri auzoko ostatu horretan etxekoa da Estiballes eta hantxe utzi du zintzilik bolada baterako BECen lortutako txapela. Finalerako prestaketaz, bertsokideekin duen harremanaz, bere ibilbideaz eta bertsolaritzatik aparteko kontuez aritu da txapeldun berria.

ALBEkoekin Barakaldora metroz

Bizkaiko bertsolaritzaren egun handia Barakaldoko Zaballa kalean hasi zuten HHko kamerek Algortako bertso eskolakoek antolatutako bertso-triki poteoan; eskusoinurik gabe, baina alboka eta panderoarekin. Handik metroz egin zuten BECera bertaratutako zaleen iritziak biltzeko. Zapping-ean 1987ko Araba-Bizkaiko Bertsolari Txapelketako finala oroituko dute. Jon Lopategik jantzi zuen txapela beltza orduko hartan. Alfontso Irigoienek jantzi zion garaikurra atzean gainontzeko bertsolariak beha zituela.

Igandean, 21:00ean, ETB1en. Eta, oso-osorik, lehenagotik ikusgai eitb.comen.