Bertsolaritza
Bertsolaritza
Bertso Egunean ikusi ez zena eskainiko dute Hitzetik Hortzeran
Erredakzioa
Gainera, Amaia Zubiria platoan izango da. Matxinbentarrak Santa Agedari kantatutako koplak eta 'Hiru, bi, zast... egizu jolas!' antzezlana ere erakutsiko dituzte
Amaia Zubiria kantari zubietarra izango du alboan Jon Artanok aste honetako programan. Dozena bat disko baino gehiago atera ditu Zubiriak 1977an Haizea taldearekin estreinakoa kaleratu zuenetik. Horietan azkena berriki aurkeztu du, Amona mantangorri du izena, eta haurrentzako kantez osatua dago. Abestea bezala txikitatik maite du bertsoa Zubiriak, eta gaur egun bertsolaritzaz duen ikuspegia emango du platoan.
Bertso Eguna, ezker-eskuin atze eta aurre
Bertso Egunean bildutako jendetza oso gustora geratu zen arratsaldeko saioarekin eta bertako bertsoaldi pare bat berreskuratuko dute programan. Beñat Gaztelumendik eta Miren Amurizak osatu zutena batetik eta aurreko biek, Iker Zubeldiak eta Amets Arzallusek Maialen Lujanbiorekin egindakoa bestetik. Dena dela programaren zati mamitsuena areto nagusian ikusi ez zenak hartuko du. Izan ere Kursaal atarian iladan zeuden zaleen artean, agertokiko atzealdean, afaria prestatu zuten Ni Neu jatetxeko sukaldean eta jantokiko kupel artean, ia nonahi sartu zuen objetiboa HHko kamerak. Baita Donostiako Rekalde tabernan ere. Bertan suelto aritu ziren Andoni Egaña eta Jon Maia, baina Kursaalean horien jardunaren lagin txiki bat baino ez zuten eman. Behin Kursaalarekin konexioa etenda lehen bezain bixi jarraitu zuten bertsotan eta segidako bertsoaldia emango dute.
Azkenburukoa: Amuarrainak, Damuarrainak eta bertsofrikiak
Saioaren ondoren afalosteko berotan taularatu zituzten bertso jarriak ere erakutsiko dituzte. Iñaki Gurrutxagak eta Jokin Urangak bertso jardun autobiografikoa egin zuten. Diskotekako soinu eta argi izpiz jantzita gaueko ibileretan izaten diren amuak eta biharamuneko damuak josiz. Jone Uriak, Arrate Illarok eta Itsaso Paiak berriz bertsofriki nola bihurtu diren azaldu zuten kantuan.
Bertsotxongiloen jarraipena
Bertsoa eta txotxongiloak, jeinu bat eta asmakizunak... haurrentzako antzezlan berria da Hiru, bi, zast ...egizu jolas! eta Hitzen Lapurra bertsotxongiloen jarraipena da. Umeei irudimena landu eta kantuz hitzekin jolasteko moduak erakustea da emanaldiaren helburuetako bat. Donostian, Antiguo auzoko jaietan, eskainitako emanaldian aktore nagusiekin eta zuzendariarekin mintaztu dira HHkoak. Ander (Ibai Esoain), Ximon (Alex Tello) eta Lide (Hodei Unzueta) dira protagonistak Ainhoa Alberdik zuzendariak lagundu die lanari azken egosialdia ematen.
Lazkao Txiki, Joxe Lizaso eta Lasarte Zarauzko hondartzan
Zuri-beltzekoan 1975ean Zarautzen kantatutako bertsoaldi ederra. Patxi Barbero, gaijartzaileak, txakolin-jana eginda hondartzako ur-ertzean zersuma ipini zituen Joxe Lizaso, Manuel Lasarte eta Lazako Txiki. Zapping-ean 1991ko Hitzetik Hortzeraren ale berezi baten entresaka. Osorik Santa Ageda bezperako kopla kantuari eskeinia. Kopla berriagoak ere izango dira nolanahi. Matxinbentako taldearekin, Loidisaletxe koplari dutela, ibili dira-eta baserriz baserri Santa Ageda bezperan.
Igandean, 21:00ean, etb1n. Eta, oso-osorik, lehenagotik ikusgai eitb.com-en.