Bertsolaritza
HILETA
Bertsozale eta kulturgintzako pertsona ugari, Jon Lopategiren azken agurrean
eitb.eus
Muxikako Areatza auzoko parrokian ospatu zen hileta elizkizuna larunbat arratsaldean, barru eta kanpo jendez lepo zirela.
-
Jon Lopategi, EiTBko artxiboko irudi batean
Ehunka lagun bildu ziren atzo, larunbata, Muxikako Areatza auzoko parrokiaren inguruan, Jon Lopategiri azken agurra ematera. 18:00etan ospatu zen hileta elizkizuna, eliza lepo, eta kanpoan ere jende andana zela.
Bizkaiko bertsolari ugari, Onintza Enbeita azken txapelduna, eta hainbat enbeitatar, Xabier Amuriza, Etxahun Lekue, Unai Iturriaga, Igor Elortza, Sebastian Lizaso, Mikel Mendizabal, Imanol Lazkano, Aitor Mendiluze.. eta beste hainbat bertsolari izan ziren Lopategi handiaren azken agurrean.
Hertzainakeko Josu Zabala, Mikel Urdangarin musikaria, Alex Sardui abeslaria... Jose Angel Iribar Athleticeko atezain ohia, Arnaldo Otegi politikaria eta beste hainbat pertsona ezagun zein beste hainbeste ezezagun, lagun eta miresle ere hurbildu ziren Muxikara.
Meza amaitutakoan, Jon Enbeitak korutik azken bertsoa kantatu zion Lopategiri. Ondoren, Aitor Mendiluzek eta Etxahun Lekuek agurtu zuten bertso banarekin. Amaitzeko, Juan Mari Areitio eta Anton Mari Aldekoa Otalorak bi bertso jarri kantatu zituzten bi ahotsetan.
Jon Lopategi bertsolaria ostegunean hil zen, 84 urterekin
1934ko martxoaren 4an Muxikan jaio zen eta Baltza ezizenez ezaguna zen. Filosofia ikasketak egin zituen gaztetan eta heldutan Irakasle ikasketak ere egin zituen.
Frankismoko garai ilunenetan hasi zen bertsotan, plazaz-plaza. Jon Azpillagarekin batera bertso bikote ezaguna osatu zuen.
Txapelketei dagokienez, Bizkaikoa lau aldiz irabazi zuen (1962, 1964, 1966 eta 1987) Txapelketa Nagusia, ostera, beste behin. Aurrez, 1982an eta 1986an txapeldunorde izan zen.
80ko hamarkadatik aurrera bertso eskoletako irakasle ere izan zen.
2012an, Arkaitz Estiballesek Bizkaiko Bertsolari Txapelketa irabazi zuenean, Jon Lopategik jantzi zion txapela eta bertso hauxe abestu zion:
Bideo honetan, berriz, 1991n Egañak, Lazkanok eta Lopategik egindako saio dotorea: