Itxi

Bertsolaritza

Txapelketa

Bertsolari Txapelketa Nagusiko lehen finalaurrekoa, larunbatean Elizondon

N. V. | EITB Media

Agin Laburu, Alaia Martin, Iñaki Apalategi, Joanes Illarregi, Onintza Enbeita eta Unai Agirre lehiatuko dira, eta saioa zuzenean jarraitu ahalko da eitb.eus-en eta ETB4n.

  • Alaia Martin, Getxoko saioan. Argazkia: Gari Garaialde (XDZ)

    Alaia Martin, Getxoko saioan. Argazkia: Gari Garaialde (XDZ)

Bertsolari Txapelketa Nagusiko lehenengo finalaurrekoa jokatuko da larunbatean Elizondon, Baztan pilotalekuan, 17:00etatik aurrera. Sarrerak salgai daude, eta saioa zuzenean ikusi ahalko da eitb.eus-en bertan eta ETB4n.

Oholtza gainean, Agin Laburu Rezola, Alaia Martin Etxebeste, Iñaki Apalategi Astigarraga, Joanes Illarregi Marzol, Onintza Enbeita Maguregi eta Unai Agirre Goia bertsolariak izango dira, eta honela jardungo dira:

Binaka, gaia emanda, hiruna bertso zortziko handian
Binaka, gaia emanda, hiruna bertso zortziko txikian
Binaka, gaia emanda, zortziko txikian puntutan, zortzi bertso osatu arte (ariketa honek hiru bertsoren balioa izango du)
Binaka, gaia emanda, hiruna bertso sei puntuko motzean
Ganbarako lana: banaka, gaia emanda, hiru bertso nahi den doinu eta neurrian

Larunbateko saioa irabazten duen bertsolaria zuzenean sailkatuko da azaroaren 19an Amurrion jokatuko den bigarren itzuliko finalaurrekora. Aurretik, baina, Elizondokoaren ostean, beste hiru finalaurreko jokatuko dira lehen itzulian: Donibane Garazin, Irunen eta Durangon. Horietatik aterako dira finalaurrekoen bigarren itzulira sailkatuko diren 18 bertsolariak. 

Bigarren itzuliko finalaurrekoak Amurrion, Baionan eta Bilbon izango dira.