Itxi

Durangoko Azoka

Durangoko Azoka

Durangoko Azoka

Irudienea

Euskal zinemaren belaunaldi berria (edo ez)

Natxo Velez (eitb.eus) | Durango

Durangoko Azokako ikus-entzunezkoen guneak ‘Euskal zine industriaren belaunaldi berria’ mahai ingurua hartu du, zinea.eus-ek gidatuta.

  • Mahai inguruaren parte-hartzaileak, Irudienean

    Mahai inguruaren parte-hartzaileak, Irudienean

Zinea.eus duela bi urte euskarazko eta, oro har, Euskal Herriko zinema sustatzeko sortutako webguneak zinemaren inguruan aritzen diren lau lagun bildu ditu mahaiaren bueltan Durangoko Azokan, Irudienea gunean.

Lara Izagirre zuzendariak, Irune Gurtubai ekoizleak, Miren Manias ikertzaileak eta Joseba Usabiaga aktoreak zinema industriaren egoeraren diagonistikoa egin, eta adierazpen horrek aurretik dauzkan erronkak aletu dituzte.

Hasteko, Lara Izagirre zornotzar zuzendariak “industria” izendapena bera jarri du ezbaian, baita berorretan “loraldia” bizitzen ari izana ere; izan ere, haren hitzetan,  “ez da existitzen euskal zinemaren industriarik. Jende asko dabil gauza onak egiten, baina lar da loraldiaz hitz egitea. Miraria izan da Loreak eta Amama-rekin gertatu dena, baina film gehiago behar ditugu, ezberdinak, industria sortzeko”.

Irune Gurtubai “Pikadero” Donostiako Zinemaldian estreinatu eta besteak beste Zurichen, Kieven edo Tiranan sariak bereganatu eta gero laster zinema aretoetan ikusi ahalko den filmeko ekoizlea ere bat etorri da horretan, eta “loraldia baino zerbait gehiago izateko iraunkortasuna behar da”, esan du.

Miren Manias "Euskarazko zinemaren produkzioa eta finantziazioa: 11 film luzeren azterketa ekonomikoa" ikerketaren egileak, bestalde, 2005. urtetik, “Aupa Etxebeste” filmatu zenetik, "mugimendu konstante bat" egon dela eta urtero euskarazko filmak estreinatu direla ekarri du gogora.

Ahulguneei dagokienez, arazo nagusia dirua lortzea dela nabarmendu dute gonbidatuok, eta, ildo horretan, aurrekontuen banaketan jarrarazi du arreta Maniasek. Berak eginiko ikerketa lanean aztertutako filmen aurrekontuetan, berorien % 80 arlo teknikora bideratu da, eta % 4 soilik arlo artistikora, sormen arlora; horrek, noski, "pelikularen arrakasta mugatzen du halabeharrez".

Gainera, Maniasek emandako datuen arabera, % 15 bideratzen dute euskal ekoizpenetan, batez beste, promoziora, eta horrek zamatu egiten du filmen oihartzuna, haren aburuz, AEBko filmetan, berbarako, % 50 erabiltzen dutela kontuan izanda. Finantzazioan, hil edo bizikotzat jo du, beraz, ikertzaileak enpresa pribatuek parte hartzea.

Joseba Usabiaga aktoreak, bestalde, euskal aktoreentzat zineman bakarrik jardutea ezinezkoa dela azaldu du, eta, belaunaldi iraunkorren kontzeptuarekin baino gehiago, zikloen kontzeptuarekin lotuago ikusten du aktoreen jarduna: “Batzuetan aktoreen ibilbideek gora egiten dute, baina gero bolada baxuagoak etortzen dira, eta beste aktore batzuen loraldia izaten da, ziklikoki”.