Itxi

Durangoko Azoka

Durangoko Azoka

Durangoko Azoka

ABENDUAK 2-6

Ikasleek robotika tailerrarekin eman diote hasiera Durangoko Azokari

Eitb.eus

Ostiral honetan, abenduak 2, Ikasleen Eguna da eta jarduera ugari prestatu dituzte Euskal Herri osoko ikastetxeetatik bertaratzen diren ikasleei zuzenduta.

  • mBot robota, Durangoko Azokan. Argazkia: EiTB

    mBot robota, Durangoko Azokan. Argazkia: EiTB

Durangoko Azokaren 51. edizioa martxan da jada. Bost egunez, kulturaren plazara joaten diren lagun guztiek 200 ekitaldi baino gehiago izango dituzte gozatzeko. Ostiral honetan, abenduak 2, Ikasleen Eguna da. Arrazoi horregatik, jarduera ugari prestatu dituzte Euskal Herri osoko ikastetxeetatik bertaratzen diren ikasleei zuzenduta.

Kabi@n, programazioaren garrantziaren berri eman diete ikasleei, era dibertigarri eta dinamiko batean. Abadiñoko ikasleak ‘Robotikaren mundura sarrera’ tailerrean parte hartzen duten lehenak izan dira, Skuramobile-ren eskutik, eta Jaione eta Maitenaren hitzaldia entzun ostean, mBot delako robota taldeka programatzeko aukera izan dute.

mBot robota, Durangoko Azokan. Argazkia: EiTB

Tailerrean sentsore desberdinak kontrolatzen eta robotak programatzen ikasi dute 12 eta 14 urte bitarteko ikasleek. Robotak gero eta toki gehiagotan aurkitu ditzakegu, besteak beste, industrian, medikuntzan edota hezkuntzan. Maitenak azaldu duenez, mota askotakoak izan daitezke, baina guztiek dituzte lau atal nagusi: sistema mekanikoa, sistema elektronikoa, kontrol-sistema eta sistema sentsoriala.

Sistema mekanikoak mugimenduak lortzeko behar diren elementuak aztertzen ditu. Sistema elektrikoak, aldiz, energia gorde eta beste elementu batzuk elikatzen dituzten osagaiak aztertzen ditu. Bestalde, kontrol-sistemak inguruko datuak jasotzen ditu, sentsore desberdinen bitartez: tenperatura-sentsorea, argi-sentsore, soinu-sentsorea, linea-sentsorea edota ultrasoinu-sentsorea.

Maitenak azaldu duenez, robotek ez dute inteligentziarik, baina pertsonen aginduak betetzeko gai dira. Ildo horretatik, eskoletan Scratch programa erabiltzen dute robotak programatzeko. Horrek aukera ugari ematen dizkie ikasleei: pertsonaia bat hartu eta mugitu, jolasak sortu, ipuinak egin edo robota programatu.

Ikasleen esanetan, mBot robota programatzeko erabiltzen den Scratch programa "erraza, sinplea eta intuitiboa" da. Eskarne Zientzia eta Teknologiako arduraduna da Durangoko Berritzegunean. Bere esanetan, ikasleentzat zein irakasleentzat ere "oso interesgarria" da hezkuntzan teknologia berriak erabiltzea.  Ildo horretatik, "gauza ezberdinak egiteko aukera" ematen diela eta "ikasleak oso motibatuta" daudela azaldu du.

mBot robota desmuntatuta jasotzen dute ikasleek, eta piezak jartzeaz gain, robota programatzen ikasten dute. Jaioneren esanetan, oso garrantzitsua da programazioa, eta, hezkuntzan, bereziki, ezagutza lantzen dute. Gainera, irudimena bultzatu eta pentsaera logikoa lortzen laguntzen du robotikak.

Gauzak horrela, hezkuntza mundura zuzenduta dagoen mBot robotari esker, sistema eragile desberdinen kudeaketa, sentsoreen monitorizazioa eta programazio basikoa ikasteko aukera dute ikasleek.

mBot robota, Durangoko Azokan. Argazkia: EiTB

 

TB" />