Itxi

Durangoko Azoka

Durangoko Azoka

Durangoko Azoka

Abenduak 3

Argentinarren eta euskaldunen arteko lotura, Durangoko Azokan

eitb.eus

'Argentinan Euskaraz' egitasmoa duela 25 urte sortu zen, bertako Euskal Etxeetan euskararen presentzia bermatu nahian. Denbora honetan egoera guztiz aldatu da.

  • 'Argentinan Euskaraz'. Argazkia: EiTB

    'Argentinan Euskaraz'. Argazkia: EiTB

Durangoko Azokak atzo, abenduak 2, ireki zituen ateak. Hala, kultur plazara gerturatzen diren lagunek kulturarekin zerikusia duten 200 ekitaldiz gozatzeko aukera izango dute abenduak 6ra arte. Aurtengoa 51. edizioa da eta egitarau zabala osatu dute: kontzertuak, solasaldiak, proiekzioak edota umeentzako jarduerak ez dira faltako.

Areto Nagusian, Kinku Zinkunegi HABEko kideak 1990ean abian jarri zen Argentinan euskaraz egitasmoaren berri eman du larunbat honetan. ‘Argentinan Euskaraz’ izenburupean, euskararen egoeraren berri eman du Zinkunegik. Gaur egun 35 Euskal Etxeetan dago euskara ikasteko aukera, baina hizkuntza ikasteko aukera emateaz gain, ikasleak trebatzen dituztela adierazi du.

Argentinan euskaraz egitasmoa duela 25 urte sortu zen, bertako Euskal Etxeetan euskararen presentzia bermatu nahian. Zinkunegik azaldu duenez, XX. mendean zehar Argentinara joan ziren euskaldun askok ez zieten ondorengo belaunaldiei euskara igorri. “Transmisioa galduz joan zen bigarren belaunaldian, are gehiago argentinar batekin ezkonduz gero”, esan du.

Ildo horretatik, Argentinan euskaraz ikasteko dauden zailtasunak nabarmendu ditu HABEko kideak. 1990eko urtarrilean euskarazko lehen ikastaroa antolatu zuten, “premiari erantzuteko”, baina “oso baliabide  eskasekin”. Helburu nagusia euskara berriro ikasi eta presentzia bermatzea zen. Hala, Macachingo Euskal Etxean, “hamazazpi lagun elkartu ziren euskara ikasteko”. Hiru hilabetez, Euskal Herritik joandako bi irakaslerekin euskara ikasten hasi ziren. 06:00etan jaiki eta egun osoa ematen zuten euskara ikasten, bazkaldu ostean klasera bueltatzen baitziren.

Miren Arozarrena FEVAko kideak azaldu duenez, “ikasleek motibazio handia zuten eta irakasleek indar handia ematen zieten”. Euskara ikasteaz gain, irakasteko grina piztu zitzaien. Arrazoi horregatik, pedagogia ikastea erabaki zuten.

Alabaina, Zinkunegik azaldu du ez zegoela Argentinan euskara irakasteko material aproposik, eta Euskal Herriko edukiak erabiltzen zituztela gaineratu du. Dena den, 25 urte igaro dira eta teknologia berriei esker euskararen egoera guztiz desberdina da Argentinan. “Ordenagailuak urrutitik urte osoan zehar irakasteko aukera eman digu”, esan du.

Talde birtualak sortu zituzten eta material gehiago bidaltzen hasi ziren. Gainera, barnetegien iraupena murriztu zutela esan du HABEko kideak. Argentinan euskaraz egitasmoari esker, “2000tik 2010era bi irakasle profil nagusitu dira”. Batetik, oinarrizko irakasleak, eta bestetik, unibertsitateekin hitzarmenak lortu dituztenak.

Halaber, euskaraz ikasitako argentinarrek Hernanin klaseak eman dituztela nabarmendu du Zinkunegik. “Hemengo ikasleentzat ikaragarria da hori”, esan du. Duela gutxira arte Argentinako Euskal Etxeetan ez zegoen bertako irakasle propiorik, baina denborarekin lortu duten erronka dela esan du. Etorkizunari begira, oinarrizko irakasleak sortzeaz gain jakintza handiagoa izatea espero duela esan du.

Dena den, Argentinan euskara ikasteko zailtasunak daudela aitortu du Zinkunegik. “Ez da erraza euskara ikastea testuinguru arrotz batean; jarrera aktiboa beharrezkoa da”, esan du. Gainera, kalean mintzamena praktikatzea  zaila dela azaldu du.

Umeei dagokienez, euskara jolasen bitartez irakasten dietela esan du. Ioar Oteizak euskara irakasten du Argentinan. Bere esanetan, “gero eta berreskuratuago dago hizkuntza, batez ere hirugarren eta laugarren belaunaldien kasuan”. Gainera, euskal kulturaren inguruan belaunaldi berriek dakiten guztia nabarmendu du. “Gernikako bonbardaketaren kasuan, oso ondo ezagutzen dute gertatutakoa”, esan du.

Hobetzeko arloei dagokienez, finantziazioa eguneratu beharra dagoela azpimarratu du HABEko kideak. Ildo horretatik, politikariei “interes gehiago” jar dezaten eskatu die, kulturak prestigioa ematen duelako.

Euskararen presentzia gero eta nabarmenagoa dela adierazi du. Ildo horretatik, material ugari eskuz egiten dutela eta jubilatu askok euskara ikasten dutela azaldu du. “Bizitza osoan ikasteko gogoa izan duten arren, ezin izan dute. Orain dute euskara ikasteko aukera”, azpimarratu du Zinkunegik.

du Zinkunegik.