Itxi

Durangoko Azoka

Durangoko Azoka

Durangoko Azoka

56. edizioa

Durangoko Azokako guneetan parte hartu nahi dutenek zabalik dute izena emateko epea

N. V. | EITB Media

Beren lana Areto Nagusian, Ahotsenean, Irudienean, Kabi@n eta Saguganbaran aurkeztu nahi dutenek urriaren 29ra arte dute eskaria aurkezteko epea.

  • Mikel Urdangarin, Ahotsenean

    Mikel Urdangarin, Ahotsenean

Bere sormenaren eta lanaren emaitza Durangoko Azokaren 56. edizioan aurkeztu nahi duten sortzaileek irekita dute gaurdanik, urriak 8, egitarauan parte hartze aldera izena emateko epea. Areto Nagusian, Ahotsenean, Irudienean, Kabi@n eta Saguganbaran parte hartu nahi dutenek urriaren 29ra arte egin ahalko dute eskaria. Szenatokiko egitaraua itxita dago, eta, beraz, jada ez dago kultur proposamenak bidaltzeko aukerarik.

Proposamenak helarazteko, Durangoko Azokako webgunean agertzen den galdetegia bete behar da, Ahotsenearen kasuan izan ezik. Musika zuzenekoak eta literatur solasaldiak hartzen dituen espazioan aritzeko, www.ahotsenea.eus webgunean bete beharko da galdetegia, urriaren 8ko 09:00etatik aurrera, eta eskaerak iritsi ahala beteko dira tokiak.

Honela zehaztu dituzte Durangoko Azokako antolatzaileek gune bakoitzaren izaera.

Areto Nagusiaren kasuan, zabalkunde lanen aurkezpenak egingo dira, bai euskara hutsezkoak bai Euskal Herriari zuzenean eragiten dizkioten gaiei buruzkoak ere.

Ahotsenean parte hartzeko baldintzak honakoak izango dira: 2021. urtean kaleratutako disko edo liburua izatea (poesia, narratiba, ipuin-nobela, antzerkia edota saiakera literarioa) eta euskaraz izatea.

Irudienean Euskal Herrian azken urtean euskaraz sortutako ikus-entzunezko lanak proiektatu ahalko dira: film laburrak, dokumentalak, fikzioak, aurkezpenak...

Kabi@ gunea eduki digitalen plaza izango da beste urte batez, eta teknologia berriekin lotutako aurkezpenak egingo dira: hitzaldiak, jokoak, tailerrak...

Saguganbaran haur eta gazteei begirako aurkezpenak antolatuko dira: ikuskizunak, tailerrak, produktuen aurkezpenak, ipuin kontalariak...