Euskara
Liburuaren 50. urteurrenean
'Harri eta Herri' etengabe irakurri dute, 12 orduz, Bilbon
Erredakzioa
Klasikoen VII. Irakurketa Bilboko Arriagan egin dute, 08:00etatik 20:00etara. Euskara ikasleei gorazarre egiteko ekimena da Bilbo Zaharra euskaltegiak antolatutakoa. eitb.com-en ikusi ahalko da.
Klasikoen Irakurketa ekimenaren zazpigarren edizioa egingo da Bilboko Arriaga antzokian, maiatzaren 22an, eta Gabriel Arestiren (Bilbo, 1933 - Bilbo, 1975) "Harri eta Herri" poesia liburua izango da protagonista aurten, etenik gabeko irakurketarekin. 08:00etan hasi eta 20:00etan bukatuko da irakurraldia, eta, hasteko, Mikel Martinez aktoreak irakurriko du liburuaren eskaintza.
Aurkezpenean azaldu dutenez, helburua bikoitza da: alde batetik, euskaltegiko ikasleek urtean zehar egindako ahalegina aintzat hartu eta omendu nahi da, eta bestetik, irakurtzeko zaletasuna sustatzea bilatzen da.
Ekimenaren zazpigarren aldi honetan, Gabriel Arestiren "Harri eta Herri" izango da osorik eta ozenki irakurriko den euskarazko klasikoa. Irakurraldian 400 lagunek baino gehiagok parte hartuko dute, kultura, politika eta ekonomiako esparru ezberdinetatik helduak: Ibon Areso Bilboko alkatea, Laboral Kutxako zuzendari nagusia, EHUko eta Deustuko Unibertsitateko errektoreordeak eta zenbait irakasle, Gotzaingoaren ordezkariak, ekonomilariak abokatuak, ingeniarien eskola profesionaletako ordezkariak, Andres Urrutia euskaltzainburua, Aitor Elizegi bertsolaria, Toti Martinez de Lezea idazlea, Aitor Mazo eta Loli Astoreka aktoreak eta Anari eta Natxo de Felipe abeslariak.
Horrekin batera, aurreko urteetan bezala, mundu osoko 15 euskal etxek ere parte hartuko dute irakurraldian. Bideoan grabatu dituzte aurretiaz eta Arriaga antzokiaren barruan nahiz kanpoan jarritako pantailetan ikusi ahal izango dira.
Aurten "Harri eta Herri" Gabriel Arestiren obraren 50. urteurrena ospatzen denez, ekitaldi berezia antolatuko dituzte maiatzaren 20tik 23ra: maiatzaren 20an, 19:00etan, Sabin Anuzita Bilboko Udaleko Euskera, Gazteria eta Kirol Sailaren zinegotzi ordezkariak Arriaga Saria eskainiko dio Gabriel Arestiri; Andere Aresti idazlearen alabak jasoko du.