Itxi

Euskara

166. araua

Euskaltzaindiak Euskal Herriko ibaien izendegia argitaratu du

Erredakzioa

Euskaltzaindiaren Onomastika batzordeak ‘Euskal Herriko ibaiak’ liburua osatu du. Euskal Herriko ibaien izendegia Akademiaren 166. araua da.

Euskaltzaindiaren Onomastika batzordeak “Euskal Herriko ibaiak” liburuan bildu du ibaien izendapenaren gainean egindako lana. “Gizarte eskari baten ondorioz” planteatu zuen Onomastika batzordeak lan hau egitea, Euskaltzaindiaren ordezkariek adierazi duenez, eta, liburuan ez ezik, Sarean ere ikusgai dago zerrenda.

“Ibaien izenek uste baino presentzia handiagoa dute gure artean”, euskaltzainen hitzetan, “baina ez dira beti behar bezala idazten edo erabiltzen”. Legearen arabera, Euskaltzaindiari dagokio toponimoen erabilera zuzenerako proposamenak egitea, eta lan horri 2008an ekin zion Onomastika batzordeak.

Lehenbizi, ibaien lerrokada prestatu zuten, eta, horretarako, Euskal Herriko ibai nagusiak zein ziren erabaki zuten: hautespen lana egin behar zen: Euskal Herriko mapa handietan –eskala handikoak esan nahi da– normalki errotulatzen diren ibaiak izatea ezarri zen, nola edo hala, irizpide nagusi bezala.

Toponimia lan guztietan bezala, bi izan dira ikerketa egiteko oinarriak: izenen idatzizko tradizioa eta gaur egungo erabilera.

Euskaltzaindiaren 166. araua da Euskal Herriko 414 ibai nagusiren izenak biltzen dituen hau. 2011ko urrian eman zitzaion azken onespena arau osoari eta horrekin batera, Euskaltzaindiaren webgunean paratu zen eskuragarri.

Euskal Herriko ibaien araua Euskaltzaindiaren webgunean eskuragarri dago Osoko bilkurak onartu zuenetik. 166. araua da eta hor eskura daiteke testu osoa pdf euskarrian, baina orain badago liburu euskarrian ere.