Euskara
Abenduak 3
Urteko 365 egunak euskararenak direla gogorarazteko eguna
E.GARAIKOETXEA | EITB.EUS
Lehendakariak esker ona adierazi die euskaldun berriei eta "bizikidetza indartzen" lagundu dutela esan du.
Abenduaren 3an? baina baita 4an, 5ean, eta urteko gainerako 352 egunetan ere: euskara bihotzean eta ahoan. Gaurkoa Euskararen Nazioarteko Eguna da, baina euskaldunon hizkuntza egunero erabili behar dena gogorarazteko eguna ere bada. Urtero bezala, makina bat ekitaldi antolatu dituzte erakundeek, gizarte eragileek eta mota guztietako talde eta elkarteek, EiTB barne.
Euskaldun berriak izango ditu protagonista aurtengo ospakizunak. Izan ere, azken 30 urtetan 300.000 lagun batu zaizkio euskaldunen komunitateari. Jaurlaritzak, hiru lurraldeetako aldundiek, Bilbo, Donostia eta Gasteizko udalek, eta Eudelek adierazpen bateratua kaleratu dute euskaldun berriak omentzeko.
Iñigo Urkullu lehendakariak esker ona adierazi die euskaldun berriei euskara hautatzeagatik, beren lehendabiziko hizkuntzari uko egin barik. Gainera, jarrera horrekin euskaldun berriek ?bizikidetza indartu? dutela eta ?guztien arteko errespetua sendotu? dutela azpimarratu du, ?gizarte batuago bat lortuz?.
Eusko Jaurlaritzak Donostiako Tabakalera zentroan antolatu duen ekitaldi instituzionalean egin ditu adierazpenok. Cristina Uriarte Hezkuntza, Hizkuntza eta Kultura sailburua, Markel Olano, Unai Rementeria eta Ramiro Gonzalez ahaldun nagusiak eta Patxi Baztarrika Hizkuntza Politikarako sailburuordea ere bertan izan dira, besteak beste.
Ekitaldian euskaldun berri ezagunen eta anonimoen bideoak emititu dituzte, musika ikuskizunekin uztartuta.
Lehendakariaren hitzetan, autogobernuak ahalbidetu du ?euskarak izan duen aurrerapen historikoa? eta bide horretan gizarteak egindako ekarpena nabarmendu du. ?Euskarak herritar guztiak batzen gaitu?, erantsi du.
Lehen ekitaldi instituzionala, berriz, goizean izan da Legebiltzarrean. "Euskara... Plazan!" leloarekin abiatu da Legebiltzarreko ekitaldia, Ganberak eta Euskaltzaindiak antolatuta. Beste sei hizkuntzetara (poloniera, hebreera, finlandiera, nederlandera, georgiera eta errusierara) itzuli duten Bernart Etxepareren "Linguae Vasconum Primitiae" liburua aurkeztu dute eta Koldo Mitxelenari gorazarre egin zaio. Ekitaldia zuzenean eskaini du ETBk eta eitb.eus-ek.
Ekitaldi zerrenda amaigabea
Ospakizun instituzionalez landa, Euskal Herriko hiri eta herrietan ekitaldi andana prestatu da egun honetarako (denak biltzea ezinezkoa izateraino), gehienak euskara elkarteek antolatutakoak. Hauek egingo direnetako batzuk:
Bilbon, Berbodromoa antolatu du AEK-k Santutxu auzoan. Donostian, Bagera elkarteak antolatuta, kalejira egingo dute Boulevardetik. Gasteizi dagokionez, Oihaneder euskararen etxean abiatuko dituzte ekimenak 18:30ean; ekitaldi nagusia, baina, Andre Maria Zuriaren plazan egingo du Geu elkarteak, iluntzean. Han bildutakoek kandelen mosaiko erraldoia osatuko dute plazako lurrean.
Gipuzkoako hainbat herritan eta Donostiako 15 auzoetan Mintzodromoak egongo dira. Hego Lapurdi, Bidasoa-Txingudi eta Bortziriak biltzen dituen Sareuskak antolatuta, esaterako, Bidasoaldeko II. Mintzodromoa izango da goizean. Hondarribiko Itsas Etxeko Auditoriuma pertsonai ezagun eta herritarrez beteko da 10:00etan hasita. Donostian, Larratxo kultur etxean (Bizarrain euskara elkartearen eskutik, 11:00etan) eta San Telmo museoan (Bagerak antolatuta, 10:00etan, 11:00etan eta 17:00etan). Intxaurrondon, bestalde, "Mintzo eta pintxo" ekimenaren lehen jardunaldia egingo dute, Ostalaritza elkarteak, Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Plazara goaz elkarteak antolatuta.
Makina bat izango dira Bizkaiko herrietan egun honen harira prestatutakoak. Bizkaiko Foru Aldundiak bere webgunean jaso ditu horietako batzuk. Bilbon, 11 ikastetxeetako ikasleak Guggenheim Museoaren inguruan bilduko dira goizean, dantza eta kantu bidez euskaraz bizi nahi dutela aldarrikatzeko.