Itxi

Euskara

Azaroak 23 - abenduak 3

Euskaraldiak Gasteizko hamaikakoa aurkeztu du

Agentziak | Erredakzioa

Belarriprest eta ahobizi rolen bitartez hartuko dute parte Gasteizko gizartearen hamaika ordezkarik Euskaraldian, azaroaren 23tik abenduaren 3ra.

Euskaraldia: 11 egun euskaraz ekimenak Gasteizko "hamaikakoa" aurkeztu du asteazken honetan. Ekimenera batu eta dinamikaren enbaxadore izango diren 11 lagunak elkartu dira goizean Gasteizko Andre Maria Zuriaren plazan egindako agerraldian.

Edurne Parro Aenkomer Arabako Merkataritza eta Zerbitzuetako Enpresarien Elkarteko zuzendaria, Martin Agirregabiria Alaves taldeko jokalaria, Karmele Jaio idazlea, Marina Sagastizabal Mugimendu Feministako kidea, Paul Urkijo zinemagilea, Askoa Etxebarrieta "La Pulga" artista, Gorka Ortiz de Urbina "Zeledon", Iñaki Garmendia EGA Master-eko zuzendaria, Itziar Azpeitia kazetaria, Carlos Villalba erretiratua eta Natasha Rueda Goian elkarteko kidea dira Gasteizko hamaikakoa osatzen duten lagunek.

Modu pertsonalean eta borondatez, Euskaraldian parte hartzea erabaki dute, belarriprest edo ahobizi bihurtuta. Hala, egitasmoaren Gasteizko enbaxadore izango dira, eta ekimen horretan izena emateko deia egin diete herritarrei.

Euskaraldia euskalgintza eta erakundeen artean antolatzen ari den ekimena da, eta, besteak beste, Gasteizko Udalak bultzatu du. Azaroaren 23tik abenduaren 3ra bitartean Euskal Herri osoan egingo da, eta hizkuntza ohiturak astindu eta ohiko harremanetan euskara gehiago erabiltzeko ariketa soziala izango da. Horretarako, 11 egunez, bi rol izango dira aukeran: ahobizi eta belarriprest.