Itxi

Euskara

Uzei-ren txostena

‘Ahobizi’, ‘jaurri’, ‘errabero’ eta aurten ikasi ditugun beste hitz batzuk

N.V. | eitb.eus

Euskaldunok 2018an hizpide izan ditugun hogei hitzen zerrenda kaleratu du UZEI Terminologia eta Lexikografia Zentroak.

  • 'Ahobizi' txapak

    'Ahobizi' eta 'belarriprest' hitzak barra-barra erabili ditugu aurten

Urtero bezala, UZEI Terminologia eta Lexikografia Zentroak 2018an jazotako gertakari edo albisteen kariaz euskaldunok ahotan ibili ditugun hogei hitzen zerrenda argitaratu du, urtea bukatzear dela.

2017an, berri faltsuak eta sedizioa ibili ziren hitzetik hortzera, eta aurten ere ez dira, bi hitz horiek behintzat, testuetatik eta elkarrizketatik desagertu. Hizkuntzak, baina, aldatzen jarraitu du, errealitateari eta horren irudikapenari –ez daukate zertan bat etorri– egokitzeko, eta uzeitarrak termino berri edo berrituen xerka aritu dira, komunikabideotan eta sare sozialetan.

Guztira, 20 hitz edo kontzeptu bildumatu dituzte, kronologikoki, jaurri hitzetik hasi, eta ahobizi eta belarriprest-ekin bukatzeko.

Jaurri hitza Aitor Estebanek erabili zuen, urtarrilaren 3an, Euskadi Irratian egindako elkarrizketa batean, eta askok hiztegira jo behar izan zuten, “gobernatu” esan nahi duela argitzeko. “Jaurlaritza” hitzaren jatorrian dago aditz hori.

Geroago, qat drogaren berri izan dugu, Hondarribiko aireportuan Catha edulis landarearen hostoak mastekatuta kontsumitzen den gai horren 30 kilo atzeman eta gero; gastu-araua ez betetzeko zorian zegoela esan dio Montoro Espainiako ministroak Nafarroako Gobernuari; eta odolezko superilargi iluna 150 urtean behin gertatzen dela jakin dugu.

Tabarnia alegiazko herrialde satirikoaren berri izan dugu aurten, baita novitxok agente neurotoxikoen familiaren, soldata prekarioen truke bizikletaz mezulari lanetan hara eta hona ibiltzen diren rider (Iparraldean) edo biker-en eta, Manadaren kasuaren epaiaren harira, debeku errorea-ren (Zuzenbidearen kontrakoa dela jakin gabe delitu bat egitea) berri.

Maiatzean, Mariano Rajoy Espainiako presidente ohiak aprobetxategi berba jarri zuen hizpidean; jarraian, pintada batean, izorraitz agertu zen idatzita; Osasunaren Mundu Erakundeak transexualitatea nahasmendu psikologikoen zerrendatik atera, eta genero-inkongruentzia gisa sailkatu du; eta, tabernetako asteleheneroko eztabaidak bukatzeko, bideo-arbitro laguntzailea (VAR) estreinatu zuten futboleko munduko txapelketan.

 

 

2018an, Zerbitzu Nazional Unibertsala proposatu dute Frantziako Estatuan, 16 urteko gazteentzat, Espainiako Konstituziotik urritu hitz “anakronikoa” kentzeko eskatu dute; amerindiar buruzagien izenek artikulurik ez dutela ikasi dugu; eta ñ-dun izenak desagerrarazi dituzte Frantzian.

Bukatzeko, blazar-en, energia handiko neutrinoen lehen iturriaren, berri izan dugu, zientzialarien eskutik; Katalunian erraberoa, jetzi berria den esnea, saltzea onartu dute; eta hamaika egunez (eta gehiagoz, espero dezagun) ahobizi eta belarriprest-ez bete da Euskal Herria.

  • Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
  • Euskara
  • Kultura