Itxi

Euskara

Mendeurreneko biltzarrak

Hizkuntza gutxiagotuen hiztunak babesteko ituna bultzatuko du Euskaltzaindiak

eitb.eus

Halaber, Iruñean egindako jardunaldi akademikoan, hizkuntza eskubideei buruz egindako adierazpenak sareratuko dituela iragarri du Akademiak.

  • Akordioaren sinatzaileetako batzuk

Euskaltzaindiak bukatutzat eman du gaur, ostiralarekin, bere mendeurreneko hirugarren jardunaldi akademikoa: "Hizkuntza gutxiagotuak jagon, euskaraz bizi - XXIII. Jagon jardunaldia". Bi egunez aritu dira 19 hizlari hizkuntza gutxiagotuen oraina eta geroa aztertzen, Iruñean.

Azken egun honetan, Euskaltzaindiak hizkuntza gutxiagotuen hiztunen eskubideak defendatzeko itun bat aurkeztu du, hurrengoen babesa duena: Andres Urrutia (Euskaltzaindia); Cor van der Meer (Fryske Akademy); Benoit Dazeas (Lo Congrès Permanent de la Lenga Occitana); Henrique Monteagudo (Real Academia Galega); Joan Argenter (Institut d´Estudis Catalans); eta Elena Chiocchetti (EURAC - Institute for Applied Linguistics).

Idatziaren helburua, besteak beste, erakundeen arteko harremanetan sakondu eta elkarlanean jardutea da, baita akademia, hizkuntza-institutu eta ikerketa-zentroen sarea eratzea ere, Europako eremuaren barruan.

Halaber, Euskaltzaindiak lan berriak jarri ditu kontsultagarri, webgunean. Besteak beste, Euskaltzaindiak euskararen estatusari edo hizkuntza-eskubideei buruz egindako adierazpenak, 1976tik hasi eta 2018ra artekoak.

Gainera, hizkuntza-zuzenbidea ere sareratu da, hots, botere publikoen betebeharrak eta araudia batzen dituen idatzien sorta.