Itxi

Euskara

Maiatzak 16-17

Idazleen materiala aztergai, Euskaltzaindiaren seigarren jardunaldi akademikoan

Agentziak | Erredakzioa

Maiatzaren 16an eta 17an Bilboko egoitzan, idazleen sormen prozesuan erabiltzen dituzten artxibo, eskuizkribu eta inprimakiei begiratuko diete, erakundearen mendeurrenaren baitan.

  • Jabier Kaltzakorta, Aurelia Arkoitxa, Ibon Usarralde eta Andres Urrutia

    Jabier Kaltzakorta, Aurelia Arkoitxa, Ibon Usarralde eta Andres Urrutia

Euskaltzaindiak mendeurrenaren baitan antolatzen duen seigarren jardunaldi akademikoa maiatzaren 16an eta 17an izango da, Bilboko egoitzan. Parisko ITEM-ekin (Institut des textes et manuscrits modernes) batera antolatu du jardunaldia euskararen Akademiak, eta hainbat hizkuntzarekin lanean diharduten idazleek erabilitako artxibo, eskuizkribu eta inprimakiak aztertuko dira bertan, hau da, "itzalean geratzen den lana".

Andres Urrutia euskaltzainburuak, Aurelia Arkotxa euskaltzain eta jardunaldiko koordinatzaileak, Jabier Kaltzakorta idazle eta euskaltzain osoak eta Ibon Usarralde mendeurreneko ekitaldien bateratzaileak aurkeztu dute biltzarra astelehen honetan, Bilbon egindako agerraldian.

Arkotxak azaldu ditu biltzarraren helburu nagusiak: "Idazlearen tailerrean geratzen den mundu aberats hori aztertu nahi dugu, horretaz gogoeta egin, Iberiar geografian agertzen diren berezitasunei erreparatuz, eta, bereziki, euskal eremuan agertzen direnei".

Ibon Usarraldek xehetasun teknikoak eskaini ditu: "Jardunaldia doakoa da, streaming bidez eskainiko da Akademiaren Youtube-ko atarian, aldi bereko itzulpena egongo da eta izena emateko epea zabalik dago maiatzaren 13a bitarte".

Guztira 26 hizlari egongo dira maiatzeko jardunaldian, besteak beste, Aurelia Arkotxa bera (Euskaltzaindia), Bernardo Atxaga (Euskaltzaindia), Olga Anokhina (ITEM), Delfina Cabrera (La Platako Unibertsitatea), Rainier Grutman (Ottawako Unibertsitatea), Mari Jose Olaziregi (EHU), Max Hidalgo (Bartzelonako Unibertsitatea), Joseba Lakarra (Euskaltzaindia-EHU) eta Miren Ibarluzea (EHU).