Euskara
Lexikoa
Neoloteka, euskarazko neologismoen gordetegia
N. V. | EITB Media
Uzei terminologia eta lexikografia zentroak "Neoloteka" ataria sareratu du, euskarak beste hizkuntzetatik mailegatzen dituen edo hiztunok sortzen ditugun hitz eta esamolde berriak biltzeko webgunea.
Euskara, munduko beste hizkuntza guztiak bezala, etengabe ari da eguneratzen, errealitate, uste, gailu eta ideia berriei egokitzen, eta beroriek izendatzeko hitz eta esamolde berriak sortzen, nola bere baliabideak erabiliz (eratorpena, konposizioa, zabalkuntza semantikoa…) hala beste hizkuntzetatik mailegatuta.
Horren aurrean, Uzei terminologia eta lexikografia zentroak "Neoloteka" sortu du, "euskarazko hitz berrien ataria". Euskarazko "hitz eta esamolde berriak" bilduko ditu, eta etengabe osatuko du Uzeik: "Hilero, 20 sarrera inguru gehituko dizkiola aurreikusten dugu", azaldu dute.
Zer da, baina, hitz edo esamolde berri bat? "Euskaltzaindiaren Hiztegia"ren paperezko azken bertsio argitaratua, 2016koa, hartuko du Uzeik erreferentziatzat: hiztegi arauemaile horretan ageri diren formak ez dira Neolotekan agertuko.
Hartara, orain arte Neolotekan bildutako forma batzuk dira, esaterako, "arzalpen", "biopic", "ekoantsietate", "kanperizatu", "triklatu", "woke" eta "ziztada kimiko".