Gastronomia
Bira
Basque Culinary Center, mundu osoan zehar
'World Tour Culinary Connection' mundu mailako birak sormen eta lankidetzan oinarrituriko sukaldaritza erkidego bat sortzeko helburua du. Dokumental bat egingo dute.
Basque Culinary Center World Tour Culinary Connection izeneko mundu mailako bira aurkeztu du Madrilen. Lankidetzan oinarrituriko nazioarteko gastronomia erkidego bat sortzea du helburu egitasmo berriak. Bira Kolonbia, Brasil, Txina, Errusia, Singapur eta Txiletik igaroko da 2013an, hainbat herrialdetako chefekin elkartuko ditu Espainiako sukaldariak, bere sukaldaritzan azken 20 urteotan sortu diren eta berau gastronomiaren esparruan mundu mailako erreferentziazko posizioetara eraman duten balioak elkarbanatzeko. Mundu bira honetan, goi-mailako 12 sukaldariburuk parte hartuko dute: Quique Dacosta, Elena Arzak, Angel Leon, Rodrigo de la Calle, Paco Perez, David Muñoz, Diego Guerrero, Nacho Manzano, Dani Garcia, Paco Roncero, Paco Morales eta Marcos Moran, denak Michelin izardunak.
Sukaldari horiek izango dira, Joxe Mari Aizega Basque Culinary Centerreko zuzendari nagusiarekin eta fakultateko irakasleekin batera, Espainiako abangoardiako sukaldaritzak jasotzen duen proposamen berezia eta bertako balioak mundu osoan barna esportatzeko arduradunak. Horietako batzuek -Paco Roncerok, Paco Moralesek, Marcos Moranek eta Diego Guerrerok-, Joxe Mari Aizegarekin batera, bira berritzaile hau Madrilen aurkezteko prentsaurrekoan parte hartu dute, eta bertan izan da Rafael Anson Espainiako Gastronomiako Errege Akademiako presidentea ere.
Ekitaldian azaldu dutenez, bira honek, gastronomiarekin lotutako jardueren bidez, Espainian ereduzkoak diren chefak mundu zabaleko sukaldari ospetsuekin elkartu nahi ditu, abangoardiako sukaldaritza nahiz sukaldaritza modernoa egiten duten sukaldariak, alegia. Izan ere, alde batetik, Espainiako sukaldaritzaren azken urteetako garapena azaltzen duten faktoreen artean, profesionalen arteko harreman zuzena da garrantzitsuenetako bat. Bestetik, eraldaketa eta berrikuntza mugimenduak gertatzen ari dira gastronomiaren kultura sendoa duten munduko hainbat herrialdeetan. "Asko dira kulturarekiko, euren herrialdeetako produktuekiko, iraunkortasunarekiko konpromisoa agertzen duten profesionalak, sukaldaritza ulertzeko modu bera partekatzen dutenak. Horien guztien artean dago Culinary Connection bera", azaldu dute.
Sukaldari taldeak bisitatuko duen hiri bakoitzean -Bogota, Sao Paulo, Shangai, Mosku Singapur eta Txile- sukaldaritza modernoko ikastaroak egingo dira, hiriotan ereduzko diren gastronomia-heziketarako zentroetan.
Mintegiak ere egingo dira mundu mailako biran parte hartuko duten sukaldariekin, euren esperientzia partekatuko duten lekuko chefen eskutik. Jardunaldi hauen amaiera ekitaldi gisa, bertako eragileekin, erakundeekin eta abarrekin, Espainiako produktuz hornitutako cocktail bana izango dute hiri bakoitzean. Hiri bakoitzean chef gonbidatu bat izango da; horien artean aipagarrienak dira Alex Atala Sao Paulon (DOM jatetxekoa, munduko 50 jatetxerik onenen zerrendako laugarrena), Juan Manuel Barrientos kolonbiarra, eta Singapurreko Ignatius Chan, Sukaldarien Elkarte Txinatarrekoa.
Azken 20 urteetan sukaldaritzak "garapen ikusgarria" izan duela nabarmendu dute aurkezpenean, kontzeptuei, sukaldaritza-teknikei, teknologia berriei eta ekipamenduei dagokienez, horrela sormen eta berrikuntza handia eskuratuz, eta mundu mailan erreferentziazko postuetara iritsiz. "Euskal sukaldaritza berriarekin Euskadin sortu eta Ferran Adriak emandako bultzadari esker Espainiako eskualde guztietara zabaldu den mugimendua izan da", azaldu dute.