Itxi

Gastronomia

Kongresua Donostian

Nerabeentzako sukaldaritza gaur nagusi, Gastronomikan

Erredakzioa

Mario Sandoval sukaldariak "Sukaldaritza, gustuko irtenbide profesionala" hitzaldia eskainiko du, eta Ramon Rotetak eta Gorka Txapartegik "Eta arraina dibertigarria balitz?" izenekoa.

1:48

Donostian egunotan egiten ari diren Gastronomika kongresuak nerabeentzako sukaldaritza izango du gaur protagonista. Gaurko egitaraua gazteenei zuzenduta dago. Hori dela eta, Mario Sandoval sukaldariak "Sukaldaritza, gustuko irtenbide profesionala" hitzaldia eskainiko du, eta Ramon Rotetak eta Gorka Txapartegik "Eta arraina dibertigarria balitz?" izenekoa. Horrez gain, Xanty Elias elikagaien piramideari buruz arituko da.

Halaber, Javier Ponte Rodriguezek Galiziako gastronomiari buruzko hitzaldia emango du.

Sukaldaritzari buruz mundu osoan dagoen kongresu inportanteenetako batek, Gastronomikak, sukaldari onenak bilduko ditu Donostian, asteazkena arte. Aurten, kongresu horren 15. edizioan, Londresko gastronomia omenduko dute.

Besteak beste, Juan Maria Arzak, Andoni Luis Aduriz, Josep Roca, Martin Berasategi, Pedro Subijana, Elena Arzak, Quique Dacosta, Hilario Arbelaitz eta, aurten aurrenekoz, Karlos Argiñano izango dira bertan.

Krisiak ez du eraginik izan kongresu honetan, 2013an % 10 haziko baita, iazko zenbakiekin alderatuta. 2012. urtean, 12.000 profesionalek hartu zuten parte.

Aurten, Londresko sukaldaritza izango da protagonista, hiri horretan "gaizki jaten den irudi okerra zuzentzeko", antolatzaileek azaldu dutenez.