Itxi

Gastronomia

Txakolina

Bakioko Txakolingunea abian da

Erredakzioa

Zentroak txakolinaren ekoizpen prozesua erakutsiko die bisitariei, era didaktikoan, eta txakolinarekin lotutako jarduerak eta ekimenak eskainiko ditu.

  • Itziar Epalza sailburuordea eta Josu Ariztondo diputatua, inaugurazioan Argazkia: Bizkaia.net

    Itziar Epalza sailburuordea eta Josu Ariztondo diputatua, inaugurazioan Argazkia: Bizkaia.net

Bakioko Txakolingunearen jarduera abian da gaurdanik. Espazio berri honetan, txakolina egiteko prozesua era grafikoan ezagutu ahalko da, eta, gainera, txakolinaren interpretazio-zentroak bisita gidatuak eskaini, txakolinaren ekoizpen-prozesua hedatzeko jarduerak antolatu eta txakolinarekin lotutako kultura sustatuko du, udalerria eta bere ingurua ezagutzera emateko.

Bakioko txakolinaren erreferentzia izateko jaio den eraikinaren irekieran, Aitor Apraiz Bakioko alkatea, Josune Ariztondo Kulturako foru diputatua eta Itziar Epalza Eusko Jaurlaritzako Merkataritza eta Turismo sailburuordea izan dira.

Ardo suabe, gazte eta fruta-gustuko honen barietate berezienaren jatorri da Bakio, eta bertako txakolinak herriko jarduera ekonomikoa indartzen du: urtean, 100.000 litrotik gora ekoitzi eta merkaturatzen dira "Txakoli de Bizkaia-Bizkaiko txakolina" itsasaldeko herri honetako sormarkaren barruan dauden upategietan.

Bakioko Udalak udalerria turismo, kultura eta aisialdirako jomuga sustatzeko asmoz sortu du Txakolingunea, Bakioren historia eta txakolina han-hor-hemen ezagutarazteko asmoz.

Apirilaren 21era arte, sarrera doakoa izango da. Egun horretatik aurrera, 3 euro ordaindu beharko dira Bakioko Txakolinaren Interpretazio Zentrorako bisita gidatuen txartelaren truke.

Urtarriletik ekain amaierara eta irailetik abenduaren 31ra arte, asteartetik igandera 10:00etatik 14:00etara egongo da zabalik. Uztailean eta abuztuan, astelehenetik igandera egongo da zabalik, 10:00etatik 14:00etara eta 16:00etatik 20:00etara.