Publizitatea
Itxi

2015/03/12

08:12

Gastronomia

Golardoa

Arzak: 'Sukaldaritza modernoenak ere sustraiak islatu behar ditu'

Erredakzioa

Sukaldari donostiarrak Miami Dade College unibertsitatearen Presidentearen Domina eta hiri horretako giltza jaso ditu bart.

  • Tomas Regalado Miamiko alkatea, Juan Mari Arzak eta Eduardo Padron MDCko presidentea. EFE

    Tomas Regalado Miamiko alkatea, Juan Mari Arzak eta Eduardo Padron MDCko presidentea. EFE

  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Telegram
  • Bidali

Juan Mari Arzak sukaldari donostiarrak Miami Dade College unibertsitatearen Presidentearen Domina eta hiri horretako giltza jaso ditu bart, AEBn. "Gastronomia arteak berritzen izandako lorpenak" aintzatetsi dizkiote, hain zuzen ere.

Ekitaldian, Arzakek "sustraien" defentsa egin du: "Sukaldaritza modernoenak ere sukaldariaren sustraiak islatu behar ditu".

Horren ildotik, herri guztiek "kultura propioa" dutela aldarrikatu du Arzakek. Horrenbestez, platerek bera euskalduna dela adierazi behar dutela gaineratu du.

"Ni sukaldean jaio nintzen, eta, ondoren, ezkondu egin nintzen", esan du, eta Euskal Herrian ospakizun guztiak mahaiaren inguruan egiten direla ekarri du gogora.

Horren ildotik, bere sukaldaritzak euskal izaera duela nabarmendu du: "Gure sukaldaritzan, egiten ditugun gauza guztiak geuk asmatu ditugu".

Bestalde, Arzak "gastronomiaren arloko iraultzailea" dela goratu du Eduardo J. Padron MDCko presidenteak. "Berritzailea eta ameslaria da, eta aintzatespen guztiak jaso ditu", laburbildu du.

Golardoa emateko ekitaldia Miamin egin dute. Besteak beste, ondokoak izan dira bertan: Cristina Barrios Espainiako kontsula, Tomas Regalado alkatea, Ander Caballero Eusko Jaurlaritzak New Yorken duen ordezkaria, Joxe Mari Aizega Basque Culinary Centerreko zuzendaria eta Aizpea Goenaga Etxepare Institutuko zuzendaria.

Euskal Sukaldaritza Berriaren maisua

Juan Mari Arzak (1942, Donostia) Euskal Sukaldaritza Berriaren sustatzaile eta maisu nagusietakoa da. Elena alabarekin batera, Arzak jatetxea zuzentzen du 1989tik.

Jatetxe hori nazioarteko gastronomiaren ikurretako bat da. Izan ere, hiru izar ditu Michelin gidan, eta munduko zortzigarren onena da, Restaurant aldizkariaren arabera.

Sukaldariak golardo ugari jaso ditu. Horren haritik, Arteen eta Letren Ordenako Jauna izendatu du Frantziako Kultura Ministerioak, eta Donostiako eta Gipuzkoako urrezko dominak jaso ditu.

Andoni Luis Aduriz sukaldariaren esanetan, Arzakek "aldatu egin du gastronomiaren historia, ez bakarrik Europan, baizik eta mundu osoan".

Ospe handiko golardoa

Juan Mari Arzakek baino lehenago, ospe handiko pertsona askok jaso dute AEBko unibertsitate horren saria: Lech Walesa, Mikhail Gorbatxov, Bill Clinton, Barack Obama, Madeleine Albright, Alvaro Uribe Kolonbiako presidente ohia...

Miami Dade College hiri horretako unibertsitate publikoa da, eta 160.000 ikaslek baino gehiagok ikasten dute bertan, zortzi campusetan. Floridako irakaskuntza erakunde handiena da, eta bigarrena, AEB osoan.

  • Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea:
  • Gastronomia
  • Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena
    ;