Itxi

Literatura

Heriotza

José Luis Sampedro idazlea hil da

Apirilaren 8ko gauean hil zen, baina egileak berak eskatuta ez dute gaur arte jakinarazi, "modu xaloan, publizitaterik gabe" "joan" nahi zelako.

0:47

José Luis Sampedro Bartzelonako idazlea hil da 96 urte zituela. Madrilen hil da, senideek jakinarazi dutenez.

Apirilaren 8ko gauean hil zen, baina egileak berak eskatuta ez dute gaur arte jakinarazi, "modu xaloan, publizitaterik gabe" "joan" nahi zelako. Horrela jakinarazi du Olga Lucas bere alargunak (2003an ezkondu ziren). "La sonrisa etrusca" eta "La sombra de los días" lanak idatzi zituen, besteak beste eta Espainiako Akademiako kide zen, baita egoera sozial eta ekonomikoaren kritiko handienetarikoa ere. Almudenako hilerrian erraustu dute, "familiartean".

"Campari bat edan nahi zuela esan zigun eta Camparizko izotz-edari bat egin genion. Begiratu zidan eta esan zidan: 'orain hobeto nago. Eskerrik asko denoi'. Lo gelditu zen eta denbora baten ostean, hil egin zen", azaldu du alargunak. Olga Lucasek jakinarazi duenez, heriotza naturaltasunez onartu zuen idazleak, baina "ez zuen hiltzeko gogo handirik". "Huts egiteari beldur zion, duintasunez egiten jakin ez izateari, baina ez zen hiltzeko beldur", gaineratu du.

Lan asko egin zituen eta 2011an Espainiako Letren Sari Nazionala jaso zuen eta 2010ean Espainiako Arteen eta Letren Ordena jaso zuen Ministro Kontseiluaren eskutik, "literatur munduan ibilbide bikainagatik eta bere garaiko arazoekin hartutako konpromisoagatik". Gainera, ekonomiari lotutako hamar bat liburu idatzi zituen, "El río que nos lleva" (1961) eleberri ezagunaz gain (zinemara ere eraman zuten). "El amante lesbiano" (2000) liburuak ere arrakasta lortu zuen eta "Reacciona" (2011) izan zen bere azken lana.