Literatura
Garcia Marquezi agurra
Mexikok Gabriel Garcia Marquez omenduko du astelehenean
Erredakzioa
Mexiko hiriko Arte Ederren Jauregian omenaldi publikoa egingo diote arratsaldean eta bertan izango dira Juan Manuel Santos Kolonbiako presidentea eta Enrique Peña Nieto Mexikoko presidentea.
Astelehen honetan, Mexikok omenaldia egingo dio zendu berri den Gabriel Garcia Marquez Literatura Nobel saridunari. Omenaldia publikoa eta irekia izango da eta Kolonbiako eta Mexikoko agintariek parte hartuko dute.
Ekitaldia 16:00etan hasiko da (Euskal Herrian 23:00ak direnean), Mexiko Hiriko Arte Ederren Jauregian, eta Juan Manuel Santos Kolonbiako presidentea eta Enrique Peña Nieto Mexikoko presidentea bertan izango dira.
Maria Cristina Garcia Cepeda Mexikoko Arte Ederretako Institutuko zuzendariak azaldu duenez, Gaboren errautsak jauregiko atarian jarriko dituzte arratsaldeko lehen orduan eta hiru orduz izango dira ikusgai.
Omenaldia musikaz jantziko dute, izan ere, Gabriel Garcia Marquez musikazalea zen eta abestea eta dantzatzea gustuko zuen. Halaber, haren gogokoak ziren lore horiak ere jarriko dituzte.
Oraindik ez dago erabat baieztatuta zer gertatuko den Gabriel Garcia Marquezen errautsekin. Ostiralean, Gaboren errautsak Mexikon eta Kolonbian botako dituztela iragarri zuen Jose Gabriel Ortiz Kolonbiak Mexikon duen enbaxadoreak. Gabriel Garcia Marquezen alargunarekin hitz egin ostean, ordea, azken erabakia sendiari dagokiola nabarmendu zuen.
Mexikon egingo diren ekitaldien ostean, Kolonbiak ere omenaldia egingo dio Gabriel Garcia Marquezi. Bogotako Primada katedralean egingo dute ekitaldia asteartean eta bertan izango da Santos presidentea.