Itxi

Literatura

Aurkikuntza Madrilen

'Oso litekeena da topatutako hezurrak Cervantesenak izatea'

Erredakzioa

Madrilgo Trinitarias komentuan topatutako gorpuzkiak espainiar idazle ospetsuarenak direla baieztatu du Etxeberriaren taldeak.

1:55

Paco Etxeberria auzitegi mediku beasaindarrak baieztatu egin du Madrilgo Trinitarias komentuan aurkitutako gorpuzkiak Miguel de Cervantes idazle espainiar historikoarenak direla, "inolako zalantzarik gabe".

Horrekin batera, Catalina de Salazarren (Cervantesen emaztea) eta eliz horretan hobiratutako lehen pertsonen hezurrak ere topatu dituzte.

Urtarril amaieran, "M.C." inizialak dituen hilkutxa bat aurkitu zuten komentuan lurperatuta, eta barruan zeuden hezurrak Kixote liburuaren egilearenak direla ondorioztatu zuten. Orain, baieztatu egin dute.

Cervantesen hezurrak 1698 eta 1730 urteen artean desagertu ziren, eliza zaharberritu zutenean, eta Etxeberriaren taldea horien bila izan da udaberritik, Trinitarias komentuan.

"Gaur, erkarpena egin diegu historiari eta Espainiako kulturari", adierazi du Ana Botella Madrilgo alkateak, aurkikuntzaren berri emateko Etxeberriarekin eta Almudena Garcia Cid antropologoarekin eskainitako prentsaurrekoan.

Hain zuzen ere, 17 pertsonaren hezurrak topatu dituzte. Hasieran, Trinitarias komentua zegoen lehenengo lekuan hobiratu zituzten, eta, 1698 eta 1730 urteen artean, tokiz aldatu zituzten, eliz osoarekin batera. Gorpuzkiak ez ezik, XVII. mendeko arropak eta objektuak ere aurkitu dituzte.

Adituek ez dute DNA probarik egin. Izan ere, Cervantesen aitaren arrebaren hezur batzuekin baino ezin dituzte alderatu emaitzak, eta gorpuzki horiek Alcala de Henaresko komentu batean daude.