Itxi

Literatura

DSS2016

Muskerraren Bidea: Atxagaren inguru geografiko eta literarioan barrena

eitb.eus

Asteasu idazlearen jaioterritik abiatuta Obaba lurralde fantastikoan murgiltzeko ibilbidea paratu dute Atxagak bera, Donostia 2016k eta Asteasuko Udalak.

1:35

Bernardo Atxagak, Donostia 2016k eta Asteasuko Udalak Muskerraren Bidea, Obaba literarioa eta Asteasuko herria bateratuko dituen proiektua, sortu dute. Toki zehaztugabea da Obaba, eta bertan daude kokatuta Bernardo Atxaga idazlearen narrazio ezagunetako zenbait, hala nola "Sugeak txoriari begiratzen dionean" (1984), "Bi anai" (1985) eta, bereziki, "Obabakoak" (1988).

Asteasu idazlearen jaioterritik abiatuta, Obabako lurralde horretan barrena murgiltzen den pasealekua da Muskerraren Bidea. Hala, pausorik pauso, Bernardo Atxagaren lana eta Asteasuko paisaia ezagutzeko aukera ematen du.

Bi kilometro inguruko bidean zehar, zazpi panel aurkituko ditu ibiltariak. Bertan, Asteasu-Obaba lurraldeari lotutako kultur gaiak azalduko dira, bertako pertsonaiei buruzko azalpenekin batera.

Muskerraren Eguna

Azaroaren 28an, larunbatarekin, proiektukideek Muskerraren Eguna antolatu dute Asteasun, asteasuarrei eta bertaratu nahi duen pertsona orori Muskerraren Bidea ezagutzera emateko. Goizean hasita, salda beroa hartu ondoren, Atxagak ibilaldia gidatuko du. Arratsaldean, idazleak hitzaldia emango du udaletxean, eta, hortik aurrera, musika nagusituko da.

Donostia 2016ko arduradunek azaldu dutenez, Muskerraren Bidea ekimenak bizimodu osasungarri baten alde egiten du, eta literaturaren arloan dauden sentsibilizazio eta sustapen artistikorako beharrei erantzuten die. Egitasmoak, bestalde, eta Donostia 2016ren espirituari jarraiki, ondare iraunkorra izango du: Asteasuko geografian txertatuko den pasealekua eta "Muskerraren Bidea" gida literarioa.