Itxi

Literatura

2002an saritu zuten

Imre Kertesz hungariar idazlea, Nobel sariduna, hil da

Agentziak | Erredakzioa

Imre Kertesz Literaturaren Nobel saria jaso zuen idazle hungariarra gaur hil da, Budapesten zuen etxean, 86 urte zituela, MTI albiste agentziak iragarri duenez.

  • Imre Kertész

    Imre Kertész

Imre Kertesz 2002an Literaturaren Nobel saria jaso zuen idazle hungariarra gaur hil da Budapesten, 86 urte zituela.

Euskaraz, "Zoririk ez" haren lana irakur daiteke, 2003an Urtzi Urrutikoetxeak euskarara ekarri eta Elkar argitaletxeak argitaratua.

2002an golardoa jasota, inoiz Literaturaren Nobel saria jaso zuen lehen hungariarra bilakatu zen Kertesz, Holokaustoa eta nazien kontzentrazio esparruetako bizimodua kontatu zuen idazlea.

1929an Budapesten jaioa, Kertesz Hungarian eta Alemanian bizi izan zen. Nobel sariaren epaimahaiak esan zuzenez, haren lanek "historiaren bidegabekeriaren aurka gizakiek erakutsitako esperientzia hauskorra" gordetzen dute.

Alemanerazko hainbat lan hungarierara eraman zituen, gainera, idazleak: Elias Canetti, Sigmund Freud, Hugo von Hoffmannstahl, Friedrich Nietzsche, Joseph Roth, Arthur Schnitzler...

Kertesz, euskaraz

Urtzi Urrutikoetxea “Zoririk ez” Kerteszen lanaren itzultzaileak azaldu digunez, hungariarraren lanetan oso nabarmena da idazleak gaztetan Auswitchzeko kontzentrazio esparruetan bizi izandakoaren itzala. Gainera, Urrutikoetxeak itzulitako eleberrian, ume baten ikuspegitik kontatzen ditu basakeriok Kerteszek, eta adingabearen inozentziak "pisu are lazgarriagoa" ematen dio lanari.

Bestalde, garaiko lekukotasun gisa ere, oso baliagarri deritzo Urrutikoetxeak “Zoririk ez” liburuari, “gizarteak etorri ahala onartutako urratsen bidez Holokaustoa apurka zelan garatu zen erakusten baitu, garaiko gizon-emakumeak zelan egokitu ziren agintariek eginiko pauso bakoitzera”.

Hizkuntzaren aldetik, laneko hizkuntza aniztasuna azpimarratu du. Urrutikoetxearen hitzetan, euskal tradizioan ez bezala, hungarieraz idatziriko lana hamaika hizkuntzatako hitzez zipriztinduta ageri da: yiddisha, poloniera, aleman estandarra, hungariera…

Alemanerako bertsiotik itzuli zuen Urrutikoetxeak “Zoririk ez”, gero beste hizkuntza batzuetako bertsioekin erkatuta eta euskaraz bazekien aditu hungariar batek euskarazko itzulpena atalez atal gainbegiratuta.