Literatura
Elkarrizketa
'Liburu elektronikoa oso gutxi erabiltzen da euskal munduan'
Natxo Velez | eitb.eus
Euskarazko liburuak doan deskargatzeko moduan eskaintzen ditu booktegi.eus webguneak, liburu elektronikoetan gehien erabiltzen diren formatuetan.
“Guztion liburuak, guztiontzat” esaldia lelotzat hartuta, euskarazko denetariko liburu elektronikoak (fikzioa, saiakera, drama, poesia…) egun gehien erabiltzen diren formatuetan (pdf, mobi eta epub) eskaintzea du helburu booktegi.eus Aritz Brantonek koordinatzen duen webguneak.
Plataformaren bidez, gainera, bere idazlanak argitaratu nahi dituenari toki egin nahi diote, bertan irakurgai jar ditzan. Brantonekin hitz egin dugu, proiektuaren hainbat zertzelada jasotzeko.
Zer beharrizan betetzera dator Booktegi?
Bi ahulezia aukera bihurtu nahi ditugu. Batetik, euskal munduan liburu elektronikoa oso gutxi erabiltzen da, eta dauden e-liburu gehienak ez daude eskuragai Kindlen, gehien erabiltzen den irakurgailuan.
Bestetik, liburu askok ez dute merezitako arrakasta izaten. Horregatik, liburu horiei bigarren ibilbide bat eskaini nahi diegu, eta liburu berri batzuei lehenengo aukera eman.
Zergatik pasatzen dira oharkabean, zure ustez, liburu on horiek?
Oro har, irakurketarekiko interes gutxi dagoelako, eta euskalgintza ez dagoelako momenturik onenean. Bi egoera hauek aldatuko direla pentsatu nahi dugu, eta, neurri xume batean, aldatzen lagundu nahi dugu.
Zenbat liburu daude erabilgarri une honetan webgunean?
22 liburu daude une honetan, eta, hilero, 2-3-4 liburu berri eskaini nahi ditugu.
Zein irizpideren arabera aukeratu dituzue?
Euskarazko liburuak dira guztiak, eta idazkera txukuna dute; balizko irakurle batzuk imajinatzen ditugu. Eskubideak egileenak dira, eta egile bakoitzak baimena ematen digu bere liburuak argitaratzeko booktegi.eus-en.
Nahi duenak bere sormen lanak plazara ditzake zuen plataforman, “kalitate irizpideak betez gero”. Zein dira irizpide horiek?
Idazkera txukuna bilatzen dugu, batuaz zein euskalkietan. Eduki interesgarria eskaini nahi dugu, eta azken hori oso modu zabalean ulertzen dugu: prosa, poesia, erreportajeak, kazetaritza, drama, testu klasikoak, itzulpenak…
Liburu elektronikoaren aldeko apustuan oinarritzen da proiektua. Irakurleen artean euskarri hedatua dela uste duzu? Zer abantaila eta desabantaila ditu?
Ez, liburu elektronikoa oso gutxi erabiltzen da Euskal Herrian. Argitaletxeek ez dute aukera aprobetxatu –Susa izan ezik–, eta Eusko Jaurlaritzaren e-liburutegiak eskaintzen dituen liburuak ez dira irakurgarriak irakurgailu gehienetan. Booktegin dauden liburuak, aldiz, irakurgailu guztietan irakur daitezke.
Abantailak hauek dira: liburu asko eraman ditzakegu irakurgailuan; hiztegia hatz batekin irekitzen dugu; eta, dohainik daudenez, Booktegiko liburuak lagunekin parteka ditzakegu. Desabantailarik, berriz, ez zait bururatzen.
booktegi.eus-en inork ez du ezer kobratzen eta inork ez du ezer ordaintzen. Nola ahalbidetzen da hori?
Orain arte, gure baliabideekin eta lanarekin egin dugu Booktegi, eta, printzipioz, ez diogu inori kobratu nahi.
Hori dela eta, diru laguntza eskatu beharko dugu, lan handia delako gauzak adostea egileekin, edizioak prestatzea eta webgunea promozionatzea, ordu asko eskatzen ditu.