Itxi

Literatura

Golardoa

Javier Sierrak irabazi du Planeta saria

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Idazle terueldarrak 601.000 euroko Planeta saria irabazi du El fuego invisible misteriozko nobelagatik.

  • Javier Sierra, Planeta Saria eskuetan. EFE

    Javier Sierra, Planeta Saria eskuetan. EFE

Javier Sierra kazetari eta idazle terueldarrak irabazi du Planeta saria igande honetan, El fuego invisible misteriozko eleberriarekin. Lan horretan, aditu batek Graal Santuaren arrastoari jarraitzen dio artean eta literaturan. Idazlearen esanetan, “hitzen boterea” da kontaketaren ardatza, eta idazle guztiei eskaini die.

“Su ikusezina barruan duzuen eta onerako edo txarrerako erabil dezakezuen zerbait da”, esan du izenburuari buruz. Eleberri honek David Salas Dublingo Trinity Collegeko Filologia irakasle gaztearen, Victoria Goodman bere aitonaren aspaldiko lagunaren eta bien artean gurutzatzen den neska baten bidaia kontatzen du. Hor azaltzen da protagonistak bere aitonari egiten dion galdera: “Nondik sortzen dira ideiak?”.

Juan Eslava Galán idazle eta epaimahaiko kideak larunbatean egindako prentsaurrekoan esan zuenez, “harritzekoa da autorearen izugarrizko erudizioa”. Sierrak Ameriketako Estatu Batuetan gehien saldutako liburuen zerrendan sartu ditu bere nobelak, eta horren lanak 40 hizkuntza baino gehiagotara itzuli dituzte.

Nobela historikoak, garaikideak eta bidaietakoak idatzi ditu, eta, besteak beste, hauek daude horien artean: La cena secreta, La dama azul, La ruta prohibida, Las puertas templarias, La España extraña eta El secreto egipcio de Napoleón.

Bestalde, Mas allá de la Ciencia aldizkariaren zuzendari izan zen zazpi urtez, telebista eta irrati saioak aurkeztu eta zuzendu ditu, eta, gaur egun, Historiaren misterioak ikertzen ditu, horiei buruz idazteko helburuarekin.

XI’AN-GO GERLARIAK

El maestro del Prado eta La pirámide inmortal daude bere azken literatur proiektuen artean, eta Terracotta Army Xiango gerlariei buruzko erakusketaren komisario izan zen.

Javier Sierra Movistar+ plataformarako telebista formatu berri bat ari da prestatzen gaur egun. Hay otros mundos pero están en este izena izango du, Paul Éluarden esaldi ospetsua gogora ekarriz, eta 50 minutuko sei dokumental izango ditu.