Itxi

Literatura

Poesia

'Lurra sustraietatik orri': Eako Poesia Egunak, uztailaren 13tik 15era

eitb.eus

Lelo hori hartuta, hitzaldiak, dantzaldiak, errezitaldiak, antzerki saioak eta kontzertuak izango dira Bizkaiko udalerrian, ostiraletik igandera.

2003an abiatutako ohiturari jarraituta, Ea herriak poesia biziko du hiru egunez, 2018. honetan ere, Eako Poesia Egunetan. Uztailaren 13tik 15era aterako da itzaletik olertia, hamaika adierazpideren bidez protagonista izateko.

19:30ean hasiko da topagunea, uztailaren 13an, ostiralarekin: Amaia Elizaldek (H)aur besoetakoa Jon Miranderen lana hartuko du hizpide Eskolondon, poesiaren eta prosaren artean dabilen liburua. Jarraian, Lekeitioak dantzaldia egingo du Mizel Théret dantzariak, Laboaren musikaren interpretazio “aske eta soila”.

Larunbateko egitaraua Ibai Atutxaren hitzaldi batekin (Bestelako lurralde, intimitate eta euskal herritarrak egungo literaturan) hasiko da, 11:00etan, eta handik moilara egingo dute parte-hartzaileek, Martin Bidaur eta Juanjo Olasagarre idazleek eta Eneritz Artetxe aktoreak Jon Piris, Hasier Oleaga eta Julen Izarra musikarien doinura 13:00etatik aurrera egingo duten errezitaldiaz gozatzera.

Arratsaldean, Zabuia! Metrokoadroka Sormen Laborategiaren antzerkia; Parrapean Josu Landa, Gotzon Barandiaran, Itziar Castrillo eta Ane Garciaren errezitaldia; eta MICEren kontzertua egongo dira publikoaren gozagarri.

Igandean, jardunaldiak ixteko, Lurra, animaliak, emakumeak: desokupazio-ariketa 5 ekitalditan Mari Luz Estebanen hitzaldia; eMe musika taldearen eta Oier Guillanen ikuskizuna; eta La Basu musikariaren kontzertua prestatu dituzte.