Itxi

Literatura

Deialdia egin du Jaurlaritzak

18.000 euro, Euskadi literatura saridun bakoitzarentzat

Erredakzioa

Guztira 144.000 euro banatuko dituzte, zortzi modalitatetan. Maiatzaren 31n bukatuko da lanak aurkezteko epea.

Euskadi literatura sarien deialdi berria egin du Eusko Jaurlaritzak. Aurrekoetan bezala, zortzi modalitate izango dira aurten ere: euskarazko literatura, gaztelaniazko literatura, euskarazko haur eta gazteentzako literatura, gaztelaniazko haur eta gazteentzako literatura, euskararako literatura-itzulpena, literatura-lanaren ilustrazioa, euskarazko saiakera eta gaztelaniazko saiakera.

Guztira 144.000 euro banatuko dituzte, 18.000 euro modalitate bakoitzeko. Era berean, irabazleek Jose Ibarrola Bellidok eginiko Liburu Nabigatzaile eskultura jasoko dute, eta beste 4.000 euro gordin ere irabaziko dituzte, saritutako lana jatorrizkoa ez den beste hizkuntza batean argitaratzeko kontratua sinatzeko.

Lanak aurkezteko epea Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunaren biharamunean hasiko da, eta maiatzaren 31n amaituko da.

Idazleen, itzultzaileen eta ilustratzaileen sorkuntza lana sustatzea dute sari hauek helburu.