Literatura
Elkarrizketa
Amaia Apalauza: 'Kapuscinskiren obran, bere begirada da bereziena'
Natxo Velez | eitb.eus
Amaia Apalauza itzultzaileak “Kristo fusilarekin” Ryszard Kapuscinski poloniar kronikariaren erreportaje bilduma euskaratu du, eta Katakrak etxeak argitaratu du.
-
Amaia Apalauza itzultzaileak ekarri du euskarara "Kristo fusilarekin"
Enrique Meneses espainiar kazetari eta argazkilariak esan zuenez, “joan, ikusi, entzun, jaso, grabatu, itzuli eta kontatzean” datza kazetaritza, baina hori hamaika modutara egin daiteke, eta, zalantzarik gabe, XX. mendean lantegi hori modurik pertsonal eta garrantzitsuenean egin zuenetako bat Ryszard Kapuscinski (1932-2007) poloniarra izan zen.
Kazetaritza literarioaren erakusgarri honen (gauzak zehatz azalduagatik, borondate estetikoa darie bere idatziei) lanik ez zegoen orain arte euskaraz irakurtzeko moduan, baina aurrerantzean, “Kristo fusilarekin” (Katakrak, 2019) honi esker, Kapuscinskik Ekialde Erdikoaz, Latinoamerikaz (Bolivia, Guatemala, El Salvador eta Haiti) eta Mozambikez idatzitakoak irakurri ahalko ditugu, Amaia Apalauza itzultzailearen lana tarteko.
Hain zuzen ere, Apalauzarekin hitz egin dugu, Ane Irazabal EiTBren korrespontsalaren hitzaurrea ere baduela Durangoko Azokan aurkeztuko den liburuaz.
Euskaratu den Kapuscinskiren lehen lana da Kristo fusilarekin. Zergatik aukeratu zenuten poloniarraren lana eta zergatik, hain zuzen, liburu hau?
Nazioarteko kazetaritzan izenik garrantzitsuenetako bat da Kapuscinski, erreferente bat alde askotatik. Kristo fusilarekin liburuan, argi eta garbi islatzen da Kapuscinskik munduko gertaerei begiratzeko eta gauzak kontatzeko zeukan modu berezia.
Jatorriz polonieraz idatzita dago Kristo fusilarekin. Zein bertsiotara jo duzu lana euskarara ekartzeko?
Gaztelaniazko bertsioa baliatu dut, eta, horretaz gainera, Sonia Kolakzec poloniar adiskide euskaldunduak lagundu dit jatorrizkoa euskarazkoarekin alderatzen eta zalantzak argitzen.
Nolakoa da Kapuscinskiren estiloa?
Esaten da berak kazetaritza literarioa jorratu zuela, edo polonieraz literatura faktu esaten diotena, hau da, gertaerei buruzko literatura. Estilo zehatza eta argia erabiltzen zuen, kazetaritzan ohi den bezala, baina ukitu literario handiarekin. Bereziena haren begirada zen, dena den.
Zer zailtasun izan dituzu euskaratzeko orduan?
Ez da lan bereziki zaila izan. Lehen esan dudan bezala, oso lagungarria egin zait Sonia Kolakzecen laguntza, euskarazkoa jatorrizkoarekiko ahalik eta leialen izatea lortzeko.
Zer iritzi duzu euskarazko egungo itzulpengintzaren inguruan?
Gero eta literatura eta saiakera gehiago itzultzen da, eta gero eta hobeki, baina, hala ere, gutxi izaten segitzen du. Argitaletxeentzat sekulako ahalegina da itzulpen bat argitaratzea, eta erakundeek laguntza handiagoa eman behar lukete, bai diru aldetik, bai sustapen aldetik.