Itxi

Literatura

Saria

Lander Garrok irabazi du Agustin Zubikarai saria

eitb.eus

“Faith” Garroren nobela proiektua aukeratu du epaimahaiak. Dirulaguntza jasoko du, eta Elkar argitaletxeak argitaratuko du, bukatutakoan.

  • Lander Garro

    "Faith" da Garrok aurkeztu duen eleberri proiektuaren behin-behineko izenburua

“Faith” Lander Garroren nobela proiektuak irabazi du Ondarroako Udalak eta Elkar argitaletxeak antolatzen duten Agustin Zubikarai saria. Hogeita bederatzi lan aurkeztu dira, eta horien artean Garroren proposamena aukeratu du Leire Bilbaok, Xabier Mendigurenek eta Ana Urkizak osaturiko epaimahaiak.

Xabi Ugartek, idazlearen alter ego-ak, Bartzelonan pasatzen duen aldia kontatzen da liburuan, argazkilaritza ikastera joanda, hemengo giro nahasitik eta poliziaren jazarpenetik urrundu nahian. “Idazkera fresko eta sinesgarria, eguneroko bizitzaren taupadak idatziz jasotzeko abilezia, gai jasoen eta xeheen arteko konbinazio egokia eta testuaren erritmoa” nabarmentzen dira, besteak beste, eleberri-asmo honetan.

Lander Garro 1975ean jaio zen Errenterian, eta Orain galdera berriak ditut ipuin liburua eta Kontrarioa eta Gerra txikia nobelak idatzi ditu orain arte. Ikus-entzunezkotan, telebistan eta musika bideoak egiten jardun da, eta Bi urte, lau hilabete eta egun bat intsumisioari buruzko dokumentala egin du.

Besteak beste, “Hobe isilik” (Garbiñe Ubeda), “33 ezkil” (Miren Gorrotxategi), “Amek ez dute” (Katixa Agirre) eta “Afrikanerrak” (Eneko Barberena) eleberriak babestu ditu aurreko deialdietan Agustin Zubikarai sariak.