Itxi

Literatura

Sari banaketa

Euskadi sarien epaimahaiaren ausardia eskertu du Sarrionandiak

Erredakzioa

Saria jasotakoan, haren arrebak idazlearen hitzak irakurri ditu. Bertan, idazleak eskerrak eman dizkie ''satanizatuaren defentsa egin dutenei''.

01:05
Eman egin diote Joseba Sarrionandiari Euskadi Literatura saria

Joseba Sarrionandiak jaso egin du Euskadi Literatura saria, eta eskertu egin du aitormena. Gasteizen egin duten banaketa ekitaldian haren hitzak entzun dira, Maria Jesus arrebak hark bidalitako eskutitz bat irakurri baitu.

Epaimahaiko kideei eskerrak eman dizkie ''ausardiagatik'', eta ''satanizatuaren defentsa egin dutenei'' ere esker ona agertu die idazleak. ''Eskerrik asko, baita ere, satanizatuaren defentsa egin dutenei, espainiar prentsan batez ere, non euskaldunok hainbat alorretan arerioen lurrean bezala ibili behar izaten dugun'', adierazi du. 'Moroak gara behelaino artean?' liburuko orrialde guztiak politikari buruzkoak direla azpimarratu du Sarrionandiak, bertako politikari buruz idazten ez duela esan dutenei erantzunez. ''Azken hirurehun orrialdeak geure gatazka eta aukerei buruzko hausnarketak dira'', gaineratu du.

Ez da izan gaueko saritu bakarra, ordea. Blanca Urgell Kultura sailburuak 2011ko Euskadi Literatura sariak banatu ditu asteazken honetan, eta honako hauek jaso dute saria: Ur Apalategi (euskarazko literatura, 'Fikzioaren izterrak'), Jon Bilbao (gaztelaniazko literatura, 'Bajo el influjo del cometa'), Miren Agur Meabe (euskarazko haur eta gazte literatura, 'Errepidea'), Karlos Zabala (euskarazko literatura itzulpena, 'Zubi bat, drinaren gainean'), Iban Barrenetxea (literatura lanaren ilustrazioa, 'Bombástica naturalis'), Joseba Sarrionandia (euskarazko saiakera, 'Moroak gara behelaino artean?') eta Iñaki Uriarte (gaztelaniazko saiakera, 'Diarios 1999-2003'). Gaztelerazko haur eta gazte literaturaren saria hutsik geratu da.



Eusko Jaurlaritzak antolatzen ditu urtero Euskadi Literatura sariak, eta 18.000 euroko diru-saria du bakoitzak. Lana beste hizkuntza batean kaleratzen badu, 4.000 euro gehiago eskuratuko ditu egileak.

Sarrionandiari, ''gainerako saridunei bezalaxe''

Joseba Sarrionandiari dagokion saria gainerako saridunen baldintza berberetan ematearen alde agertu da Blanca Urgell kultura sailburua, idazleak ''ez duelako zorrik justiziarekin, ezta kausarik zabalik ere''. Sariak banatu baino ordu batzuk lehenago, Eusko Legebiltzarrean agerraldia egin du Urgellek, Sarrionandiaren sariaren dirua atxiki izana defendatzeko. Sailburuaren ustez, Eusko Jaurlaritza ''arduratsu'' aritu da, ''argitasunez eta garbitasunez''. Horren hitzetan, Sarrionandiaren iraganetik argi eta garbi aldendu zuen bere burua Jaurlaritzak. Urgellek argitu duenez, Gobernuak ''ezin zuen ez ikusiarena egin, 1985etik kartzelatik ihes eginda dagoela kontuan izanda'', eta 'ETArekin lotura duten delituengatik espetxeratu zutela kontuan izanda''. Beraz, ''herritarrek eskatzen zuten erantzukizunarekin aritu da Administrazioa'', Urgellen iritzian.

Ez dago idazlearen aurkako kausarik zabalik

Astearte honetan Auzitegi Nazionalak jakitera eman duenez, Joseba Sarrionandiak ez du zorrik justiziarekin. Fiskaltzaren arabera, Sarrionandiak zazpi auzi izan zituen 1980 eta 1985 urteen artean, kartzelatik ihes egin zuen arte. Auzi horietatik hiru artxibatu egin zituzten, beste hirutan zigortu egin zuten, eta beste batean, absolbitu. Hala ere, auzi guztiek preskribatu egin dute. Beraz, Euskadi Literatura sariko dirua eman egingo diote Sarrionandiari. Urrian hautatu zuten idazlea irabazle, euskarazko saiakera atalean, baina 18.000 euroko diru-saria ez ematea erabaki zuen Eusko Jaurlaritzak, justiziarekin zorrik duen jakin arte.