Literatura
Apirilak 10-11
Zita literaturarekin, Saran
N. V. | EITB Media
Sarako Idazleen Biltzarra inoiz baino lehenago dator aurten, eta hala jarraituko du: Pazko aurreko astean, Erramu igandean, denentzat izango da eta astelehenean profesionalentzat.
-
Sarako Idazleen Biltzarraren iazko edizioa
39.a duen edizio honetan, Sarako Idazleen Biltzarra aurrekoetan baino lehenago egingo dute, Erramu igandean hasiko da topaketa, publiko guztientzako proposamenekin, eta astelehenean amaituko da, profesionalentzako jardunaldiarekin, "Ahozko Euskal Literatura, atzo eta gaur" izenburupean.
Lehen egun horretan, gazte literaturako lanen irakurketa musikalak egongo dira Kiribil konpainiaren eskutik dohainik, karpa txikian, 11:00etan, 15:00etan eta 16:00etan hasita. Horrez gain, kiroldegian, 2 euroko sarrera ordainduta, 77 mahai egongo dira, baita idazle ugari ere, hainbat liburu aurkezten, hala nola Marikita Tambourin, Itxaro Borda, Elise Devin, Jabier Kaltzakorta, Txomin Peillen eta Jean-Louis Davant.
Gainera, 12:00etan saria jasoko dute Mikel Duvert antropologo, biologo eta idazleak eta Luzien Etxezaharreta kazetari eta idazleak, aurtengo omenduek.
Astelehenean, berriz, ahozko euskal literatura izango dute mintzagai Sarako biltzarrean. 09:30ean izango da lehen hitzaldia ("Ahozko euskal literatura: generoak eta adibideak"), Xabi Payaren eskutik, eta hari jarraituko diote Gotzon Barandiaranen eta Rafa Ruedaren mintzaldi musikatuak eta "Sarako bestak (1864-1885): Lore jokoak, bertso paperak eta laster koplariak" mintzaldiak.