Literatura
Itzulpena
Mariolein Sabartek irabazi du Etxepareren itzulpen saria "Amek ez dute" nederlanderaz emateagatik
N. V. | EITB Media
Katixa Agirreren eleberriaren itzulpenari eman diote Etxepare-Laboral Kutxa saria: 4.000 euro argitaletxearentzat eta itzultzailearentzat eta 2.000 eurora arteko laguntza gehigarria argitalpena sustatzeko.
-
Mariolein Sabarte, gaurko ekitaldian. Argazkia: Mitxi Calvo
Mariolein Sabartek Amek ez dute Katixa Agirreren eleberria nederlanderara eramateko egin duen lanak irabazi du Etxepare – Laboral Kutxa itzulpen saria. Sabartek gaztelaniatik itzuli du liburua nederlanderara, eta Zirimiri Press argitaletxeak argitaratu du.
Jatorriz euskaraz idatzi eta argitaratutako literatura lan baten itzulpena saritzeko asmoz sortutako lehiaketa honetan, obraren itzulpena eta argitaletxearen sustapena hartzen dituzte aintzat.
4.000 euroko sari bakarra ematen da, itzultzaileak eta argitaletxeak erdibana banatu dezaten. Izan ere, irabazleak nor diren erabakitzeko orduan, aintzat hartzen dira bai itzulpenaren kalitatea, baita literatura lana argitaratu duen argitaletxearen sustapen plana ere.
Mariolein Sabarte Belacortu (1944) Wageningenen hazi zen, Herbehereetan. Ama holandarra eta aita euskalduna zituen, eta Espainiako Hizkuntza eta Literatura ikasi zuen Amsterdamgo Unibertsitatean. 1969tik 2010era, gaztelaniazko idazleen 70 eleberri baino gehiago eman zituen nederlanderaz: Camilo Jose Cela, Gabriel Garcia Marquez, Julio Cortazar, Mario Vargas Llosa, Alvaro Mutis, Jorge Luis Borges, Carlos Fuentes…
Aurreko urteetan saria jaso duten itzulpenak hauek izan dira: Soinujolearen semea (Nami Kanekok, japonierara), Bihotz handiegia (Eider Rodiguezek eta Lander Garrok, gaztelaniara), Hilda dago poesia? (Ainara Muntek, katalanerara), Harri eta Herri eta Maldan Behera (Amaia Gabantxok, ingelesera), Behi euskaldun baten memoriak (Yaroslav Gubarevek eta Anetta Antonenkok, ukrainerara), Mussche (Nami Kanekok, japonierara) eta Tempo de exilio (Isaac Xubinek, galizierara).