Itxi

Literatura

Euskadi saria

Euskadi Literatura sariak, Uxue Apaolaza, Leire Bilbao eta Maite Mutuberriarentzat

N. V. | EITB Media

Euskarazko Literatura, Euskarazko Haur eta Gazte Literatura eta Literatur Lanaren ilustrazioa modalitateetako irabazleak iragarri dituzte gaur: "Bihurguneko nasa", "Barruko hotsak" eta "Irrimola".

1:22
Gasteiz, gaur goizean. EITB Mediaren bideo batetik ateratako irudia.

2022ko Euskadi Literatura sarien lehen hiru irabazleak iragarri dituzte gaur, ostegunarekin, Gasteizen. Euskarazko Literatura atalean, Bihurguneko nasa (Uxue Apaolaza Larrea); Euskarazko Haur eta Gazte Literatura atalean, Barruko hotsak (Leire Bilbao Barruetabeña) eta Literatur Lanaren Ilustrazioaren sailean, Irrimola (Maite Mutuberria Larrayoz) dira lan saridunak.

Lourdes Otaegik, Ane Labakak, Jon Martinek, Yurre Ugartek eta Josu Jimenezek osatu dute Euskarazko Literaturako epaimahaia eta beraien iritziz Bihurguneko nasa (Susa) liburuak "identitatearen eta alteritatearen inguruko hausnarketa aberatsa eskaintzen du. Atseginez irakurtzen den prosa gihartsuan idatzia dago, eta elaborazio literario zehatzak nolabaiteko gordintasuna ere ematen dio, soberako azalpen eta luzamendu oroz soildurik. Edukiari ederki egokitzen zaion hizkera da, hiri handiko herrestaren dinamika bizian -ustekabean- irakurleak protagonistaren begirada ernea sumatuko du detaileen tolesduretan sakontzen".

IRAKURRI UXUE APAOLAZARI BIHURGUNEKO NASA LANARI BURUZ EGIN GENION ELKARRIZKETA

Euskadi Literatura sariak, Uxue Apaolaza, Leire Bilbao eta Maite Mutuberriarentzat

Bestalde, Barruko hotsak Leire Bilbaoren lanari (Pamiela) buruz epaimahaiak (Manuel Lopez, Larraitz Idarreta, Karla Fernandez de Ganboa, Ziortza Onaindia eta Patxi Zubizarreta) uste du "forma aldetik, poesia bisuala dela, kaligramaren generoa berritzen duena, errimaz eta erritmoz betea. Belarriekin irakurri eta begiekin entzuteko moduko liburua da, jolastia eta umore finez josia.

Maite Mutuberriak Irrimola liburuagatik (Ikaselkar) jasoko du aurtengo Euskadi Literatura saria, Literatur Lanaren Ilustrazioaren kategorian. Epaimahaiaren iritziz (Javier de Isusi, Maria Altuna, Jon Mantzisidor, Yolanda Mosquera eta Miren Asiain), Mutuberriaren lanak "album ilustratuaren kontzeptua beste dimentsio batera eramaten du, formatu zirkularrean diseinatutako liburu-objektu bat, zeinaren konposizioak esperimentazioa eta irakurketarekin jolastea ahalbidetzen duen".

Hain zuzen, Mutuberriak berak eginak dira, halaber, Barruko hotsak Leire Bilbaoren liburua osotzen duten ilustrazioak.

Sari ematea, azaroaren 24an

Azaroaren 24an egingo dute sariak banatzeko ekitaldia, Donostian, Tabakalera Kultura Garaikideko Nazioarteko Zentroan. Falta diren gainerako lau ataletako irabazleak datorren astean iragarriko dituzte: Literatura Gaztelaniaz, Euskarazko Literatura Itzulpena, Saiakera Euskaraz eta Saiakera Gaztelaniaz.

Saridun bakoitzak 18.000 euroko saria izango du, eta beste 4.000 euro eskura ditzake bere lana beste hizkuntza batean argiratzen bada.