Itxi

Literatura

Poesia

Julen Apella Santamariak irabazi du Donostia Kultura poesia lehiaketa

N. V. | EITB Media

Gaur, martxoak 21, Poesiaren Nazioarteko Egunarekin bat, "Postal bat desertuan" berriztar idazlearen lana saritu dute, Poesialdia jaialdiaren egitarauaren barruan.

  • Julen Apella Santamaría poeta

    Julen Apella Santamaría poeta

Julen Apella Santamaria idazleak (Berriz, 1998) irabazi du Donostia Kultura poesia lehiaketaren saria, Postal bat desertuan lanagatik. Euskal ikasketetan graduatua da Euskal Herriko Unibertsitatean (UPV/EHU), eta Literatura Konparatua eta Literatur Ikasketak masterrak egin zituen unibertsitate berean. Gaur egun euskara irakasle gisa dihardu, eta literaturaren esparruan hauxe da argitaratu duen lehen lana.

Epaimahaiaren ebazpenaren arabera, "ahots gazte baino sendo bat dago liburuaren atzetik, erreferentzia eta eragin ugari erakusten duena. Trebeki uztartzen ditu metaliteratura eta kritika soziala, hizkera landuz eta irudi iradokigarriak erabiliz, gogoetari bideak irekiz. Belaunaldi baten ahots gisa ere altxatzen da, baina aldarrikapena eta munduari modu kritikoan begiratzeko jarrera lirismoz lantzen du. Poema askotan bat egiten dute egunerokotasunaren ajeek eta paisaiak, eta liburuari osotasuna ematen dioten zenbait osagai baliatzen ditu: zapatak, oinak, bidea, hegoak, mugimendua, denbora, erlojuak".

Balea Zuria argitaletxeak argitaratuko du idazlana.