Literatura
Liburutegi publikoak
"Eraikuntzarako materiala" mailegatu zen iaz gehien EAEko liburutegi publikoetan
N. V. | EITB Media
2,5 milioi mailegutik gora egin zituzten Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako Irakurketa Publikoko Sareko liburutegietan, 2.409.612 euskarri fisikoan eta 126.849 eLiburutegian. Eider Rodriguezen liburua izan zen mailegatuena euskarazkoen artean.
-
Eider Rodriguez, "Eraikuntzarako materiala" liburuaren egilea
Araba, Bizkai eta Gipuzkoako Irakurketa Publikoko Sareko liburutegietan 2.536.461 mailegu egin zituzten iaz; horietatik 2.409.612 euskarri fisikoan egin ziren, aurreko urtean baino 137.274 gehiago.
Euskaraz, Eraikuntzarako materiala (Eider Rodriguez), Aitaren etxea (Karmele Jaio), Izurdeen aurreko bizitza (Kirmen Uribe), Azken etxea (Arantxa Urretabizkaia) eta Karena (Alaine Agirre) izan dira liburu fisiko mailegatuenak. Erdaraz, berriz, El libro negro de las horas (Eva García Saénz de Urturi), La Bestia (Carmen Mola), Violeta (Isabel Allende), De ninguna parte (Julia Navarro) eta En plena noche ( Mikel Santiago).
Euskadiko Irakurketa Publikoko Sarea 198 udalerritan kokatutako 297 liburutegik osatzen dute eta 6.819.858 ale biltzen ditu.
eLiburutegia
Euskadiko liburutegi digitalaren, eLiburutegiaren, 58.860 erabiltzaileek, bestalde, 126.849 mailegu eskatu zituzten 2022an.
Euskaraz, liburu mailegatuenak izan ziren Miñan (Amets Arzallus eta Ibrahima Balde), Eraikuntzarako materiala (Eider Rodriguez), Izurdeen aurreko bizitza (Kirmen Uribe), Aitaren Etxea (Karmele Jaio) eta Ezekiel (Jasone Osoro). Gaztelaniaz, berriz, El libro negro de las horas (Eva García Saénz de Urturi), La Bestia (Carmen Mola), Sira (María Dueñas), Últimos días en Berlín (Paloma Sanchez Garnica) eta Lo que la marea esconde (María Oruña).
Gaur egun, 26.217 ale eta 100 bat audio-liburu biltzen ditu eLiburutegiak, eta 12.600 film eta dokumental inguru ikusteko aukera ere eskaintzen du.