Literatura
Altxorra berreskuratu dute
Argiketariak aitortu egin du 'Codex Calixtinusa' lapurtu zuela
Erredakzioa
Ikerketako iturrien arabera, Katedraletik objektuak lapurtzen aritu zen, egunero, 10 urtez.
Codex Calixtinusa lapurtu zuela aitortu du Manuel Fernandez Castiñeiras Santiago Katedraletik liburua ustez lapurtzeagatik atxilotutako argiketariak, auziko iturri batek Efe agentziari adierazi dionez.
''Bai, nik lapurtu nuen'', esan du atxilotuak. Codex Calixtinusa 12:00etan eraman zuela azaldu du.
Katedraleko langile ohia hainbat hilabetetan egon da lapurreta ukatzen, baina, liburua bere garajean aurkitu ondoren, ezin izan du denbora gehiagoz ezeztatu.
Altxorra eraman zuela aitortu arte, ez du hitzik esan auziaz. "Ez dakit. Ez dut gogoratzen" errepikatu du behin eta berriz. Liburuaz galdetzen ziotenean, burua makurtzen zuen eta ez zuen erantzuten. Behin bakarrik hitz egin zuen Codex Calixtinusaz. ''Manolo, eta erretzen badute..?'' galdetu ziotenean ''ez, ez dago erreta'' erantzun zuen.
Ostiral honetan deklaratuko du epaile aurrean argiketariak.
Hamar urtez egon da Katedralean lapurtzen, egunero
Ikerketa iturriek Europa Press agentziari azaldu diotenez, 10 urtez ibili da argiketaria Katedraletik objektuak lapurtzen, egunero. Bere etxebizitzan eta lokaletan antzinako hainbat pieza eta 1,2 milioi euro (eskudirutan) atzeman ditu Poliziak.
Atzeratu egingo dute liburuaren itzulera
Egun, Poliziaren esku dago Codex Calixtinusa, eta, berez, ostiral honetan itzuli behar zuten katedralera. Baina, baliteke itzulera hori asteburura arte atzeratzea.