Musika
Erakusketa
The Beatlesen ibilbidea, iruditan
Argazkiok Londrestik atera dituzten lehen aldia da: Iruñeko Rodezno Kondea galerian ikus daitezkeen irudietako batzuk ezezagunak ziren orain arte.
Mende erdi da The Beatles talde britainiarra sortu zela. Ordutik desagertu arte egindako ibilbidea argazki-bilduma baten bitartez ikus daiteke orain, Iruñean antolatu duten erakusketan. Argazkiok Londrestik atera dituzten lehen aldia da.
Hasierako kontzertuetatik, azkenengora, 1969an euren diskoetxeko teilatuan egin zutenera. 35 argazki dira, The Beatlesen ibilbide osoan ateratakoak, asko ezezagunak.
Iruñean ikusi daitekeen argazkietako bat ez zen bere sasoian argitaratu, eta duela gutxi aurkitu dute. Paul McCartney eta Mick Jagger agertzen dira, tren batean, meditazio jardunaldi batera zihoazela.
Argazkiok Getty Images galeriakoak dira. Lehen aldiz atera dituzte Londresetik, Iruñeko Udalak antolatu duen erakusketa honetara ekartzeko. Rodezno Kondea aretoan egongo dira ikusgai, hilaren 27ra arte.
Sarrera doakoa da, eta bisitariek argazkien kopiak erosteko aukera dute.