Itxi

Musika

Kontzertua

Bob Geldof, zuzenean Bilbon

BBK Aretoan izango da, 20:00etatik aurrera. Sarrerak eskuragarri daude 28 euroren truke.

  • Bob Geldof. Argazkia: La Jungla Sonora

    Bob Geldof. Argazkia: La Jungla Sonora

Bob Geldof artista irlandarrak kontzertua eskainiko du gauean Bilboko BBk Aretoan, arratsaldeko 20:00etatik aurrera. Sarrerak 28 euro balio du eta BBk Aretoan bertan, BBKren orotarako kutxazainetan eta bbk.es webgunean erosi daitezke, aretoko arduradunek jakinarazi dutenez.

"Energia hutsa eta soinu aktibismoa, giza eskubideen aldeko konpromiso osoa, eta bere abestiekin mundua elikatzen saiatu zen gizona" bezala definitu dute Bob Geldof.

Robert Frederick Zenon "Bob" Geldof, The Boomtown Rats taldearen ahots nagusia izan zen 1975 eta 1986 artean. Talde honekin Britainia Handiko zerrendetan lehen postuak lortu zituen "Rat Trap" (1978) eta "I Don't Like Mondays" (1979) abestiekin. Gaur egun ere, munduan milioika lagunek pairatzen duten gosetea salatzen jarraitzen du Geldof-ek. 1984ko udazkenean hasi zen guztia, Etiopiako txirotasunari buruzko dokumental bat ikusi zuenean BBC telebistan. Ultravox taldeko Midge Ure-rekin, "Do They Know It is Christmas?" abestia idaztea erabaki zuen; abesti hau inoiz Britainia Handian gehien saldutako singlea izan da. Hor abiatu zen Geldof elkartasunezko kontzertutzarra antolatzen, eta emaitza Live Aid emanaldi famatuak izan ziren.

Egitasmo horrekin, Geldof Nobel sarirako ere izendatu zuten, eta "Is that all?" bere autobiografia 'best seller' bilakatu zen. "How to Compose Popular Songs That Will Sell" bere azken diskoa da. "One For Me" da diskoak biltzen duen harribitxietako bat, lan osoan aurki daitekeen "blues ukituko rock zitalaren" aurrerapena. Azpimarratzekoak dira oraindik bere ahotsaren indarra eta bere hitzen intentzioa.