Itxi

Musika

Erreakzioak

Nafarroako Kultura kontseilariak orkestra desegiteko mehatxua egin du

Juan Luis Sánchez de Muniainek esan duenez, beste autonomia erkidego batzuetan horrelako orkestrak desegin dituzte, eta Nafarroakoa bertan behera uzteko mehatxua egin die musikariei.

Nafarroako Orkestra sinfonikoko musikariek larunbateko greba deialdiari eutsi diote. Haien hitzetan, ez dute lan-hitzarmena bete eta zuzendaritzak iazko hainbat ordainketa egin behar ditu oraindik. Nafarroako Kultura kontseilariak musikariak mehatxatu ditu, orkestrak jarraitu behar duen edo ez galdezka.

Nafarroako Kultura kontseilariari Sinfonikoko musikarien greba deialdiari buruz galdetu diote, eta Juan Luis Sanchez de Muniainek jakinarazi du beste autonomi erkidego batzuetan horrelako orkestrak desegin egin dituztela, eta Nafarroan ere horrelako zerbait gerta daitekeela esan die musikariei.

Bitartean, Nafarroako Orkestra Sinfonikoko musikarien ordezkariek zuzendariei eskua luzatu diete. Esan dutenez, ez dute grebara joan nahi, eta bide guztiak irekita utziko dituzte azken ordura arte. Larunbatean Bilboko Arriagan izatekoak dira eta antzokiko arduradunek jakinarazi dute Haydnen opera Nafarroako musikariekin edo horiek gabe egingo dutela.