Musika
Jaialdia
Badator Primavera Sound 2013 edo #bestfestivalever
Bartzelonako jaialdiak 13. edizioa du aurretik, eta bonuak duela hainbat hilabete agortu ziren. Blur, The Jesus and Mary Chain, The Vaccines, Tame Impala eta The Postal Service izango dira.
Duela hainbat hilabete agortu ziren Primavera Sound 2013 jaialdirako bonuak. 13. edizioa egingo du inoizko onena izatea lortu nahi dute antolatzaileek. Horretarako, garai bateko izarrak (Blur, Nick Cave, The Jesus and Mary Chain eta Los Planetas) eta talde berriak (The Vaccines, Tame Impala eta Manel) izango dira.
Primavera Soundek egitarau eklektikoa eta zabala du (ia 250 kontzertu) igandera arte: 150.000 ikusle baino gehiago espero dituzte jaialdiaren "hiru gau handietan" (ostegunetik larunbatera), Forumeko esparru erraldoian: bederatzi agertoki, ia 95.000 metro karratutan. Egun jendetsuak heltzen diren bitartean, lehen kontzertuak Apolo aretoan izango dira: Jupiter Lion eta Spectrum izango dira. Bihar, Bo Ningen, Fuka Lata, Plum eta Twilite izango dira, Foscorrekin batera.
Izen erraldoien artean, handiena Blur taldea da (ostiralean arituko dira). Damon Albarnek zuzendutako talde britainiarrak "Parklife" edo "Song 2" hit handiak egin ditu. Beste kartelburuetako bat Nick Cave & The Bad Seeds da (larunbatean), baita The Postal Service (ostegunean), The Jesus and Mary Chain (ostiralean), Phoenix (ostegunean) eta Tame Impala australiarrak (ostegunean) ere.
Krisialdiari eta BEZaren igoerari entzungor, jaialdiko bonuak (195 euro!) duela hainbat aste agortu ziren, eta egun bakoitzerako sarrerak baino ez daude salgai. Ekitaldiko "nagusiek" esan dutenez, 7,5 milioi euroko aurrekontua du, eta industriako kideek negozioak egiteko sail bat ere badute bertan. Bartzelona hirian, 65 milioi euroko inpaktu ekonomikoa omen du Primavera Soundek, eta 25.000 lagun joaten dira hirira horretarako. 90.000 lagunek lo egingo dute bertan, guztira.