Itxi

Musika

Mikel Laboa gogoan

Bost urte Mikel Laboa gabe

Erredakzioa

2008ko abenduaren 1ean hil zen musikari donostiarra, 74 urte zituela.

2:13
Argazkia: EiTB

Gaur bost urte bete dira Mikel Laboa hil zenetik. 2008ko abenduaren 1ean hil zen musikari donostiarra, 74 urte zituela. Ez dok amairu taldearen sortzaileetako bat izan zen Laboa, baita euskal kantagintzaren berritzailea ere.

1934an jaioa, Gerra Zibil garaian, Donostiatik Lekeitiora ihes egin behar izan zuen familiarekin. Debeku eta zentsura urte haietan, gitarra hartu eta barneko sentimenduei doinua jartzen hasi zen, euskal musika aire berriekin bustiz. Euskalgintzari kolorea jarri zion Laboak, eta gure musikaren mito bilakatu zen. Ondare aberatsa utzi digu donostiarrak: 16 disko kaleratu zituen, eta Txoria Txori edo O Pello, Pello bezalako hainbat ereserkiren sortzailea izan zen.

2006an eskaini zuen bere azken kontzertu handia, Bob Dylan kantari estatubatuarrarekin batera.

Egun, Mikel Laboak euskaldun guztion oroimenetan jarraitzen du, baita gure mugetatik at ere. Izan ere, abenduaren 4ra bitartean, Bruselako La Bellone Maison du Spectacle sorkuntza gunera hurbiltzen diren artistek eta bisitariek kantariari buruzko erakusketa bat ikusteko aukera izango dute. Euskal Herriko Unibertsitateko Mikel Laboa Katedrak sortutako erakusketa Etxepare Euskal Institutuaren eskutik heldu da Bruselara. Esperimentazioaren kontzeptuari lotuta, Laboaren ahotsaz gozatzeko aukera desberdinak eskaintzen ditu instalazioak.

Gaur, 15:00etatik aurrera, Mikel Laboari buruzko erreportaje berezi bat eskainiko du Euskadi Irratiak.