Itxi

Musika

Biografia

Paco de Lucia: gitarra flamenkoa isildu da

Natxo Velez | eitb.com

Paco de Lucia maisua asteazken honetan zendu da, Cancunen, 66 urte zituela. Bihotzeko batek eraman du gitarra flamenkoaren eta doinu horren munduko hedapenaren ikurra.

  • Paco de Lucia. Argazkia: Efe.

    Paco de Lucia. Argazkia: Efe.

Gitarra flamenkoan pentsatzen jarrita, Paco de Lucia (Francisco Sánchez Gómez) datorkio burura ezinbestean, nahitaez, pentsalariari. La Bajadilla Algecirasko (Cadiz) auzoan hazia, Pacok amari zor zion, izana ez ezik, izena, eta anaiekin batera heldu zion ibilbide artistikoari: Pepe de Lucia abeslaria eta Ramon de Algeciras gitarrista. Gaur, gitarrako harietan zehar goitik behera abiada bizian egindako zarrasten oihartzuna soilik entzuten da.

De Lucia Camaron de la Isla flamenkoaren beste izar handia izan zuen bidelagun, bide horretan bakarrik apur bat ibiltzen hasi eta gero, haren eskutik agertu zen lerroburuetan 70eko hamarkadan, elkarrekin disko ugari eginez: "El Duende Flamenco" (1972), "Fuente y Caudal" (1973)... Geroago, biek ala biek bide zabalagoak hartu zituzten, flamenkotik abiatuta betiere: kantariak rock doinuetara jo zuen, Alameda taldekoak lagun, eta "La leyenda del tiempo" lanarekin hankaz gora utzi zuen flamenkoaren mundua. Paco de Luciak ere jazzera jo zuen zenbaitetan, Chick Corea, Al di Meola eta John McLaughin lagun, boss novara ere gerturatu zen...

1981ean, Sexteto seikotea sortu zuen, flamenkoaren ohiko eraketa aldatuta, berak argiztatzen zuen izar nagusiaren ondoan beste izar hauek bilduta: Ramon de Algeciras (bigarren gitarra) eta Pepe de Lucia (kantua eta txaloak) anaiak, Jorge Pardo (saxoa eta flauta), Ruben Dantas (perkusioa) eta Carles Benavent (baxua). Horrela, talde flamenkoaren kontzeptua berriztatu zuen, iraultza jo zuen. Formatu berri onekin mundu osoan harat-honat aritu zen, eta gitarra flamenkoa beste maila batera eraman zuen, kantaria laguntzeko erabiltzen zeneko garaia atzean utzita.

Camaronengana itzuli zen gero, "Potro de Rabia y Miel" diskoa egiteko, eta, 1992an, kantariaren heriotzaren ondorioz mundu zabalean hitzartuta zituen emanaldiak urtebetez bertan behera utzi zituen. Ibilbide musikala amaitutzat ematea ere pentsatu zuen, aitortu zuenez, baina urtebete geroago itzuli zen, AEBn berrogei emanaldi eginez eta, seikotearen babesarekin, "Live in America" disko ezinbestekoa grabatuz.

Besteak beste, disko hauek atera ditu: "Fantasía flamenca", "Recital de guitarra", "El duende flamenco de Paco de Lucía", "Almoraima", "Solo quiero caminar", "Paco de Lucía en Moscú", "Zyryab", "Siroco" eta "Lucía" (1998).

Bost urteko isilunearen ostean, 2004an, "Cositas Buenas" diskoa kaleratu zuen, eta kritikarien oniritzi zabala jaso zuen ostera ere. Zortzi kantu berri zeuden lanean, besteak beste Tomatitoren gitarrak eta Camaronen ahots berreskuratuarekin osatutako hirukote pieza bat.

Cadizko probintziako (1997) eta Algeciras hiriko (1998) seme kutuna zen, baita Berklee College of Bostongo (AEB, 2010), munduko musika ikastegi prestigiotsuenetako bateko, doctor honoris causa.

Gitarrista Toledon bizi zen, eta oporraldiak Cancunen, Mexikon, igarotzen zituen, urpeko arrantza eginez.

Paco de Lucia eta Euskal Herria

Paco de Luciak erruz jo du euskal agertokietan, eta oso harreman berezia izan du Gasteizko Jazzaldiarekin. Askotan ikusi dugu andaluziarra Mendizorrotzako oholtzaren gainean, bertaratutakoak liluratzen, besteak beste 2013ko edizioan Chick Corearekin, 2010ean, 2006an Wynton Marsalisekin, 2004an... Durangorekin lotura pertsonala izan zuen, gainera, hainbat urtean.


Paco de Lucia, joan den udan Gasteizen egindako kontzertuan