Musika
Kontzertu bira
Euskal musika eta txistu doinuak, Hego Korean entzungai
Natxo Velez
Unai Urrecho Hego Korean bizi den unibertsitate irakasle, tronbonista eta orkestra zuzendariak gidatuta, hainbat euskal musikarik euskal musika Hego Korean zehar eramango dute hiru emanaldiko biran.
-
Birako lehen kontzertuko kartela.
Txistua eta euskal musika Chuncheonen, Gumin eta Uleungdo uhartean entzungo dituzte martxoaren 14tik 21era; euskal kantu tradizionalak, Guridi... Garikoitz Mendizabal Txistulari solistak, Jesus Mari Garmendia eta Iñaki Letamendi Tolosako txistulariek eta Unai Urrecho musika zuzendariak euskal doinuak hegokorearren belarrietara eramango dituzte, bertako orkestrek lagunduta, bertako hiru antzokitan egin behar dituzten emanaldietan.
Errepertorioan, euskal kantak, Guridiren zenbait lan eta beste musikari batzuen (De Falla...) lanak tartekatuko dituzte hiru kontzertuetan, "txistua protagonista dela betiere", azaldu digutenez. Entseguak Hego Korean bertan egingo dituzte, eta, horren aurretik, Unai Urrechorekin hitz egin dugu.
Zerk eraman zintuen Hego Koreara duela hamar urte?
Euskal Herritik 2000. urtean joan nintzan AEBra, ikastera. Han lau urtez lan egin ondoren, Brasilen ere bizi izan nintzen, orkestra batean lanean. AEBn ezagututako jendeak zabaldutako bidetik, Korean kontaktu bat egin nuen, eta oso lan atsegina irten zitzaidan, okestra baten. Geroago, maisu eta katedratiko moduan bukatu nuen, Suowneko Unibertsitatean. Koreara lanak eraman ninduen azken batean.
Zer jarrera dago Hego Korean musika klasikoaren aurrean? Zelako azpiegitura dago? Zein motatako egoitzetan joko duzue?
Laguntza handi-handiak ditu musika klasikoak. Hiri bakoitzak orkestra profesional bat, abesbatza profesional bat, dantza talde profesional bat eta folk musikako talde profesional bat dauzka. Gainera, hiru guztietan Art edo kontzertuguneak ditu: kontzertu aretoak eta opera eta ganbera musikarako aretoa. Oso ondo hornituta daude, eta kontzertu asko izaten dira. Kanpoko orkestra eta abesbatza asko etortzen dira: aurreko hilabeteetan, New York Philharmonic eta Berlin Philharmonic egon dira Korean, esaterako.
Korearentzat, kultura eta musika klasikoa identitate kulturala dira. Supermerkatuetan ere, musika klasikoa jartzen dute. Leku guztietan. Umeak ere kontzertuetara joaten dira. Hezkuntzan, musika klasikoa oso barneratuta dago.
Guk, hiri hauetako horrelako guneetan joko dugu. Bai Chuncheonen, baita Gumin ere.
Zelan gauzatuko duzue bira? Zenbat pertsonak parte hartuko duzue? Entseguak egin dituzue?
Biran lau euskaldunek hartuko dugu parte: nik zuzendari bezala, Garikoitz Mendizabalek txistulari solista moduan eta Jesus Mari Garmendiak eta Iñaki Letamendik Tolasako txistulari banda bezala. Entseguak Korean bertan egingo ditugu.
Badago jakin-minik euskal musikari dagokionez? Zer komentatzen dizute ingurukoek kontzertuaren atarian euskal piezak eta txistua joko duzuen jakitun?
Korean, ez dago euskal musikaren ezagupenik. Ez dakite ezer. Zortzikoa lehen aldiz joko dute, eta lehen aldiz entzungo dute zortziko bat Korean. El Caserio Guridiren lana izango da hori. Aukera paregabea da Euskal Herria ezagutzera emateko. Beraientzat berria da, eta lehenengo aldiz joko dute euskal musika musikari korearrek herri hauetan.
Zein izango da kontzertuetako errepertorioa?
Kontzertuetan, espainiar musikaren piezak ere izango dira: La Boda de Luis Alonso eta El Sombrero de tres Picos, Fallarena. Euskal Herria bakarrik aurkeztea zaila izan da, eta, horregaitik, Espainiako musika ere sartu behar izan dugu. Hala ere, Euskadi da garrantzitsuena.
Badauzu beste proiekturik euskal musikaren edo musikaren inguruan aurrera begira?
Bai, urtero egin nahi dugu hau, baita korearrak Euskal Herrira eraman. Horrela, lotura kultural eta ekonomikoak sendotu nahi ditugu. Uste dut hau oso interesgarria izan daitekeela Euskal Herriarentzat.