Itxi

Musika

Aintzatespena

Gipuzkoako Foru Aldundiak Benito Lertxundiri emango dio Urrezko Domina

Erredakzioa

Gainera, Diputazioak Beroa elkartea eta 1963 eta 1977 artean Ordena Publikoaren Auzitegiaren errepresioa pairatu zuten emakumeak ere omenduko ditu.

  • Benito Lertxundi

    Benito Lertxundi

Gipuzkoako Foru Aldundiak Gipuzkoako Urrezko Domina, lurraldeko goraipamen gorena, Benito Lertxundi oriotar kantari eta konposatzaileari ematea erabaki du, euskal musikaren, kulturaren eta euskararen alde egindako lanagatik.

Larraitz Ugarte foru bozeramaileak izendapenaren berri emateko prentsaurrekoan argitu duenez, ekainaren 12an emango diote saria Lertxundiri.

Bost hamarkada, mende erdi, baino gehiago daramatza Lertxundik (Orio, 1942) kantagintzari emanda, eta urte horietan guztietan makina bat disko argitaratu ditu: Oro laño mee batek (1974), Zuberoa/Askatasunaren semeei (1977), Pazko gaierdi ondua (1989), Hitaz Oroit (1996)...

Maitasun eta protesta hitzak, tradizioa, folklorea, gai epikoak, euskal poeten jarduna eta berak asmatutako istorioak jantzi ditu musikaz Lertxundik ibilbide luzean. Ez dok Amairu taldeko kide ere izan zen, beste hamaika euskal sortzailerekin batera.

2013an, Nestor Basterretxea artistak jaso zuen Urrezko Domina.

Beroa elkartea eta zigortutako emakumeak ere, saridunak

Ugartek azaldu duenez, Diputazioak Beroa Gipuzkoako Harrera Familien Elkartea eta 1963 eta 1977 artean Ordena Publikoaren Auzitegiaren errepresioa pairatu zuten emakumeak (sistema kritikatzeagatik edo errepublikazaleak edota abertzaleak izateagatik) omenduko dituzte, urrezko plaka bana emanda.

Bozeramailearen esanetan, Diputazioa emakume horiek bilatzen ari da; izan ere, "asko dira" eta "jazarpen bikoitza" jasan zuten, batetik "frankismoaren kontra borrokatzeagatik" eta, bestetik, emakumeak izateagatik.