Itxi

Musika

Elkarrizketa, Euskadi Irratian

Benito Lertxundi: 'Nazio askea bagina, munduan buruz buru geundeke'

Natxo Velez | eitb.com

Orioko musikagileak Gipuzkoako Foru Aldundiaren Urrezko Domina jasoko du hurrengo ekainaren 12an. "Faktoria" Euskadi Irratiko saioan elkarrizketa mardula egin diote egun batzuk lehenago.

  • Benito Lertxundi, Kursaalen egindako kantaldi batean. Argazkia: EiTB.

    Benito Lertxundi, Kursaalen egindako kantaldi batean. Argazkia: EiTB.

Gipuzkoako Foru Aldundiak Gipuzkoako Urrezko Domina, lurraldeko goraipamen gorena, emango dio ekainaren 12an Benito Lertxundi oriotar kantari eta konposatzaileari, euskal musikaren, kulturaren eta euskararen alde egindako lanagatik. Horren kariaz, "Faktoria" Euskadi Irratiko saioak elkarrizketa oparoa egin dio.

Goraipamena iragartzeko prentsaurrekoan, Larraitz Ugarte foru bozeramaileak musikaren bidez "errepresioaren mende zeudenei mezu poetiko eta politikoak" bidaltzen zizkiela aipatu zuen dominaren hartzekodun izateko merezimenduak azaltzeko orduan.

Horren aurrean Lertxundik Euskadi Irratiari azaldu dionez, "gizartean gertatzen denaren zipriztinak zuregana heltzen dira beti, eta hori modu askotara erabil daiteke, gizartearen onespena lortzeko edo zinez sentitzen duzulako, baina kantuak beste alde bakartiagoa ere badu; hain zuzen, heldutasunera heltzean, jendearen onespenak axola ez dizunean, kantuak barnera begira egitera jotzen da".

Nolanahi ere, oraindik ere aldarrikapen politikoak egin behar dira gizartean, Lertxundiren ustez, baina beste modu batera: "Egoera prekarioetan gaudenean, diktadurapean esaterako, dena kolpeka egin behar dela pentsatzen dugu, eta mezu labur identifikagarriak botatzen dira. Oraingo egoeran, berriz, gauzak ilunagoak, nahasiagoak dira, eta beste modu batera jardun behar izaten da, suge lana eginez; herriaren beraren jarrera kritikatu daiteke, adibidez", esan du.

"Emantzipazioaren bidea hartu behar da"

"Gaur egun, agian, etsaia guregan dago, zinezko jarrera bat falta delako, eskizofrenia batean sartuta baikaude, herri menperatua izan arren, menperatzailearen liturgian, kultura politikoan, parte hartu nahi izaten dugulako, gogoz eta borondatez. Horrek denbora galarazi eta ahuldu egiten gaitu", erantsi du Lertxundik.

Bere ustez egoera horren aurrean hartu beharreko jarreraz ere mintzatu da Lertxundi: "Emantzipazioaren bidea hartu behar du herri menperatu batek, eta muskulatura trinkoa garatu, menperatzaileak ezartzen dituen beharrei (zergak...) ezetz esan ahal izateko, desobedientzia egin ahal izateko. Muskulatura hori jendeak osatzen du, masak", Lertxundiren hitzetan.

"Gu oso menperatu zaharrak gara, memoria ahulduta dugu, eta zalantzak sortzen dira. Baina argi eduki behar dugu zer garen, zer izan nahi dugun eta bitarte horretan zer egin nahi dugun. Nik independente izan nahi dut, dudarik gabe, gauza guztietan gainera. Guk munduan egon nahi dugu, denekin buruz buru. Herri aberatsagoa da bere motor propioaz ibiltzen dena", gaineratu du.

Euskal kantagintzari, esaterako, "ikuspegi probintzialistaz, erregionalistaz" begiratzen zaio egun, Benito Lertxundiren arabera: "Nazio askea bagina, ostera, gure ekoizpen nazionala izango litzateke, bulgariarra bezala, ingelesa bezala, eta nazioarteko merkatuan bere tokia izango luke, munduak produktu hori zer den jakingo luke. Hala ere, erdipurdiko bidera ohitzen bagara, horixe gara: erdipurdikoak".

Euskal ondare musikalaren zutabe

Dudarik gabe, Benito Lertxundiren kantuetako asko euskal ondarean iltzatuta daude nahitaez. Hala ere, elkarrizketan argitu duenez, kantariaren ahotsetik euskal memoriarako bide gorabeheratsua egin dute zenbaitetan kantuok.

"Bizkaia maite berehala egin nuen, hogei minutuan: gitarra eskuan nuela, testua irakurtzen nuen heinean musikatzen joan nintzen. Zuberoa / Askatasun semeei diskotik kanpo gelditzeko zorian egon zen, baina, kantu hori, arrazoi teknikoengatik, luzeegi baitzihoan diskoa eta kantu bat kendu behar genuelako. Dena den, azkenean disko lantegikoek salbatu egin zuten, eta sartu egin ahal izan zuten", kontatu duenez.

Bere kantu asko euskal herritarron soinu bandan daudela eta, "jendearen bizitzako parte izatea handia da", esan du: "Batzuek hiltzeko ere aukeratu dute nire kantu bat. Biloba batek kontatu zidan Deustuko bere amamari, etxean minez zela, Gaueko ele ixilen baladak diskoa jarri omen ziola eta orduan otzandu zen, medikuek lortu ezin izan bazuten ere, handik hogei minutura bare-bare hiltzeko. Gauza ikaragarriak dira, eta etxean kantuekin ez atzera ez aurrera borrokan zaudenean horrelakoekin gogoratzen zara".

Nolanahi den, kantu batzuen preso ikusten du bere burua Lertxundik agertoki gainean. Baldorba, Erribera eta beste batzuk kantatzeari utziko ziokeen "tarte batez bada ere", baina, gero, "eskatzen dizkizute eta kantatu egiten dituzu, jendeari amore emanda".

Aitzitik, kantu kutunena "duela 18 urte nire alaba jaio zenean berari egin nion sehaska kanta da: Iluna denerako".

Musikarekiko harremana ere sehaskatik datorkio Benito Lertxundiri, eta "haizea bezala" behar du musika, nahiz eta kontzertu gehiago emango lituzkeen gaur egun, "krisia-eta direla, gauza asko murriztu baitira".

Ideia horretan sakonduz azaldu duenez, "krisiak, ekonomiatik hasita, erroak botatzen ditu handik eta hemendik, eta buruak nagitu egiten dira. Toki askotan, dirurik ez dagoela eta, beren azpiegitura uztea eskatzen diegu, eta hori ere ez dugu lortzen, beharbada, ez daudelako horretara jarrita. Udaletan ez dago benetako animadore kulturalik. Kostutzat hartzen dute, ez inbertsiotzat".

"Neuk ere aldaketak egin ditut nire lantaldean, odol berriaren beharrean, eta gazte batzuengana jo dut management-a eraman diezadaten, estilo berri batekin. Oraindik grina dut jarraitzeko".