Musika
Jazza
Gasteizko Jazzaldiak kontzertu 'handiak' eskainiko ditu
Erredakzioa
Gasteizko Jazzaldiaren 38. ediziorako, 56 kontzertu antolatu dituzte aurten, eta horietako asko berezi-bereziak izango dira. Sei egun iraungo du hitzorduak.
-
Niño Josele Chano Dominguezekin batera artituko da Gasteizen. Argazkia: Efe.
Gasteizko Jazzaldiak 56 kontzertu eskainiko ditu 30. edizio honetan; antolatzaileen esanetan, gainera, "klase" handiko emanaldiak izango dira. "Chano y Josele" diskoaren nazioarteko estreinaldia hartuko du, esaterako, Arabako hiriburuak, eta Kubari eskainitako gaua ere arrakastatsua izatea espero dute.
Joan den urteko jaialdiak baino egun bat gehiago izango du aurtengoak: bost barik, sei. Azken bi urteetan, murrizketen eraginez aurrekontua txikiagoa zela eta, laburragoa izan zen Jazzaldia, baina aurten 818 000 euroko aurrekontua lortu dute.
Aurrekoetan bezala, gospel kontzertu batek abiatuko du jaialdia; aurten, Take 6 izango da horren arduradun, "inoiz sari gehien jaso dituen ahots taldeak".
Uztailaren 15ean, asteartearekin, Chano Dominguezek eta Niño Joselek Fernando Truebak ekoitziriko diskoa aurkeztuko dute, Paco de Lucia zenari, gitarra flamenkoaren maisuari, gorazarre egiteko. Gasteizko Jazzaldiaren aurreko zenbait ediziotan, biokin batera aritu zen Algecirasko mito hilberrriak.
Astearte gaueko programazioa Darcy James Argue kanadar konposatzaileak osatuko du.
Asteazkenekoa, uztailaren 16koa, Noa israeldarraren eta Miguel Poveda katalanaren gaua izango da. Bakoitzak bere kontzertua emango du, baina, amaieran, elkarri batuko zaizkio agertokian.
Ostegunean, uztailak 17, Gasteizko Jazzaldiak Louis Armstrong omenduko du, Dr. John pianista, konposatzaile, gitarrista, baxu-jotzaile eta ekoizlearen kontzertuaren bidez. New Orleansko tronpeta-jotzaile onenak izango ditu inguruan hitzordu horretarako.
Ostiralean, laukote bat izango da protagonista. Richard Bona baxu-jotzailea, Manu Katche, Peter Gabrielekin eta Stingekin batera lan egindakoa, eta konposizio melodikoen bi zale sutsu izango dira: Eric Legnini eta Stefano Di Battista.
Azkenik, gasteiztarrek eta bisitariek Chucho Valdes musikari kubatarra entzun ahal izango dute Mendizorrotzan, Border Free diskoa aurkezten.