Itxi

Musika

‘Lou Reed, mila esker’

Jonan Ordorika: 'Itzal ukaezina utzi du Lou Reedek'

Natxo Velez | eitb.eus

Urtebete joan da Lou Reed estatubatuar musikaria, artista, hil zenetik, eta, Jonan Ordorika ekoizleak gidatuta, hainbat euskal musikarik gorazarre egin diote ‘Lou Reed, mila esker’ lanean.

2:02

Lou Reed zena urriaren 27 batez hil zen, orduan isildu zen rock alternatiboaren ahots eta bultzatzaile ezinbestekoetako bat. Musikagintzan arrasto sakona utzi zuen Reeden nortasun handiak, eta, Euskal Herrian, Jonan Ordorikaren ekimenez, hainbat musikari haren oinordekotza musikala berritzeko elkartu dira, Fernando Saunders Lou Reeden taldeko baxu-jotzaile eta ekoizlearen eta Paco Loco (Australian Blonde) musikariaren laguntzaz.

Besteak beste, Anarik, Garik, Ruper Ordorikak, Evaristok (La Polla), Gorka Urbizuk (Berri Txarrak), Pettik, Andonik (Delirium Tremens), Joseba Tapiak, Rafa Ruedak edo El Inquilino Comunista taldeko kideek jarri dizkiete ahotsa eta doinua Txuma Murugarrenek itzuli eta egokitutako testuei.

Jonan Ordorika teknikari, ekoizle eta Reed zenaren lagun hurkoak omenaldi diskoaren nondik norakoak argitu dizkigu, solasaldi batean, eta diskoan parte hartu duten hainbat musikarik Lou Reeden ibilbidearen arrasto batzuk eman dizkigute.

Nola gauzatu da omenaldi diskoa egiteko asmoa?

JONAN ORDORIKA: Lou hil eta gero hartu nuen diskoa egiteko hautua, baina ideia lehendik ere baneukan buruan, bera bizirik zela.. Fernando Saunders eta Paco Loco musikari handi eta adiskide are handiagoek laguntzeko prest zaudela esan zidatenean, oso argi gelditu zen.

Gero, erraza izan da: pieza egokienak batu behar izan ditut soilik, eta, horretarako, Euskal Herriko musikagintzaz dakidana (25 urte baino gehiago daramatzat teknikari lanetan) eta Louren lanaren gainean ditudan jakituria –esan dezakedala uste dut– eta mirespena baliatu ditut.

Ondoan musikari eta abeslari handiak izan ditut, zorionez, eta ondo baino hobeto egin dute beren lana.

Nola ezagutu zenuen Lou Reed?

J. O.: Musikari mailan, gaztetxoa nintzenean ezagutu nuen, Ruper anaia nagusiak ekartzen zituen diskoei esker; “Transformer ekarri zuen... Disko horretatik aurrera, niretzat dena izan zen “Lou, Lou...”.

Maila pertsonalean, Alcudian, Mallorcan, kontzertua eman zuenean ezagutu nuen, baina benetan, sakonki, Fernando Saunders haren baxu-jotzaile eta ekoizleari esker ezagutu nuen. Hari esker, behin baino gehiagotan egon nintzen Lourekin, eta etxera ere etorri zen, Azkaratera.

Zer itzal utzi du Lou Reedek euskal musikagintzan? Non nabari daiteke haren eragina?

J. O.: Nire belaunaldikoentzat itzal ukaezina utzi duela uste dut: “Transformer”, “Berlin”, “Rock& roll animal”, “New York” bera... Hor agertzen dira, haren fraseatzeak, lañotasuna, glam-a...

Hori bai: jakin badakit belaunaldi gazteagokoentzat Velvet eragin nabariagoa izan zela, baina, tira, niretzat ez.

Nolakoa izan zen Fernando Saunders proiektuan sartzeko urratsa?

J. O.: Supergarrantzitsua: berak beste inork baino hobeto ezagutzen du Lou Reed.: 30 urte daramatzat berarekin baxua jotzen eta disko batzuk ekoitzi ditu.

Gozamen hutsa izan da disko honetarako alboan izatea.

Aukeratu Lou Reeden disko bat eta kantu bat.

J. O.:  “Transformer”, “Coney Island baby”... “Transformer”eko edozein kantu eta “Romeo had Juliette”.

Nola ezagutu zenuen Lou Reeden obra?

GARI: Legazpiko lagun alemaniar baten bidez.

PETTI: Taberna batean lanean nengoela, asko entzuten genuen “Transformer”.

SANTI (El Inquilino Comunista): Bada, ez dut gogoan. Lagunekin, uste dut.

Aukeratu Lou Reeden disko bat

GARI: “Rock & roll animal” eta  “New York”.

PETTI “Berlin”

SANTI (El Inquilino Comunista):” Coney island baby” eta Velveten banana.

Aukeratu Lou Reeden kantu bat

GARI: “Perfect day”

PETTI: “Dirty Blvd”

SANTI (El Inquilino Comunista): “Rock & roll”

ANDONI (Delirium Tremens): “Intro / Sweet Jane”

Lou Reed, mila esker: "Walk on the wild side"